Arkupeak erretiratuen elkarteak azaroaren 24an Donezteben eginen duen bazkaria aprobetxatuko du zenbait herrietako ordezkari eta zuzendaritza batzordeko kideri omenaldia eskaintzeko. Zehazki, zuzendaritza batzordeko Joaquin Goikoetxea Azkona, 87 urteko beratarra; Jose Urrutia Grajirena, 87 urteko Saldiasko delegatua; Anuntxi Agesta 92 urteko etxalartarra, batzordeko kide ohia, delegatu ohia eta aldizkariaren animatzailea eta Jose Paul Corrales etxalartarra, hau ere idazkaria, delegatua eta zuzendaritza batzordekoa izandakoa, omenduko dituzte. Gisa berean, hil ondoko omenaldia eskainiko zaie Ezkurrako Pantxito eta Rosario Gorostiaga Escala anai-arrebei. Pantxito zuzendaritza batzordeko kidea izan zen, delegatua eta bilkuren animatzaile handia eta bere arreba, Ezkurrako delegatua izan zen.
Azaroaren 24ko egitarauari dagokionez, autobusak 9:30ean abiatuko dira Goizueta eta Zugarramurditik; 10:00etan Irun, Leitza eta Ezkurratik; Bera, Etxalar, Elizondo eta Almandoztik 10:15ean eta Zubieta, Sunbilla, Oronoz eta inguruetatik 10:45ean.
11:30ean Meza emanen da Doneztebeko parrokian, aurten hildako bazkideen omenez. Ondotik bertsolariak arituko dira eta segidan hitzaldien txanda etorriko da. Gero, omenaldia eginen da kiroldegian eta leku berean, bazkaria. Bazkalondoan, 16:30etik 19:00etara dantzaldia izanen da eta 19:15ean autobusak etxera abiatuko dira.