Arano, Donamaria eta Oizko Udalak eta Legasako kontzejua osatu dira 2. deialdian

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Zubietako Udala eta Narbarte eta Oieregiko kontzejuak hutsik oraingoan ere

Joan den maiatzeko udal hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zen herri eta kontzejuetan bigarren hitzordua izan zuten urriaren 28an. Dena den, azken hauteskunde hauek ere ez zuten ikusmin handiegirik sortu udala osatu gabe gelditu zen herrietan, eta oro har, parte-hartzea eskasa izan da. Eskualdeko kasuan, herri eta kontzeju gehienetan zerrenda bakarra aurkeztu zen, eta Zubietako Udalean eta Narbarte eta Oieregiko kontzejuen kasuan, berriz ere hutsean gelditu da deialdia.

Donamarian, Rikardo Sagaseta Andiarenak laugarren legealdia hasiko du alkatetzan, Herriarengatik taldeko zerrendaburua bera baitzen. Berarekin batera, Santiago Jorajuria, Jose Miguel Lasaga, Francisco Javier Migeltorena, Iñaki Telletxea, Iñaki Baleztena eta Angel Maria Larraburu zinegotziek osatuko dute heldu den lau urteotako Udala. Hauteskunde egunean, 361 herritarreko zentsotik 192 botu jaso zituen taldeak, bederatzi boto zuri izan ziren eta bi baliogabeak. Gainontzeko 158 donamariarrek ez zuten botorik eman, eta beraz, parte-hartzea %56,23koa.

Oitzen inguruan ere kontu beretsua aipatu daiteke. Azkeneko bi legealdietan alkate izan den Alberto San Migel Mindegiak bildu zuen boto kopururik altuena, 31. Luis Mari Mindegiak eta Andres Oteizak 27na jaso zituzten; Jabier Ariztegik 25 eta Jose Maria Latasak 19. Dena den, Oitzen kasuan zerrenda irekia izaten delako, hautetsi guztiak bildu ondotik banatuko dituzte Udaleko karguak.120 laguneko zentsotik 40ek bakarrik bozkatu zuten Oitzen, %33,33k.

Aranon ere antzera ibili ziren urriaren 28an. Azken bi legealdietako alkateak, Iñigo Larrea Perurenak, jaso zituen boto gehien, 39. Juan Manuel Leonetek 34 eskuratu zituen eta Itziar Loiartek 33. Beraien artean banatuko dituzte karguak, baina Iñigo Larreak segituko du alkatetzan. 130 laguneko zentsotik 47 aranoarrek baino ez zuten bozkatu, zentsoaren %36,15ek, hain zuzen.

Zubietaren kasua berezia izanen da, eta gestora batek kudeatuko du. Maiatzean bezala, urriko deialdian ere Udala osatu gabe gelditu da Zubietan. Honela, legealdi berrian kudeatuko duen bizilagunen gestora bat osatuko da Nafarroako Gobernutik.

Kontzejuetan Legasan bakarrik

Kontzejuei dagokienez, Legasan bakarrik aukeztu zen zerrenda batzordeko lehendakaria eta lau bokalak aukeratzeko. Hala, Aitor Zelaieta Mikelarena izanen da Legasako kontzejuko lehendakaria. Bortz hautagaien artean bera izan zen bozkatuena, 45 botorekin. Iban Urrizak 43 boto eskuratu zituen ; Asier Irisarrik 41; David Andresenak 32 eta Laura Andresenak 28. Bertizaranako bertze bi kontzejuak, Narbarte eta Oieregikoak, osatu gabe geldituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun