Neurri haundiko trasteak ez dira edozein lekutan utzi beharrekoak

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Arantzako Anguleroak TTIPI TTAPA

Arantzako Exkerrenekobordako bidegurutzean neurri haundiko trasteak daude, baita aparkalekuko edukiontzien ondoan ere, Beran Kanttonberri-Legia kalean eta Lesakako Bittiria Plazan eta Erosleren ondoan ere bai. Traste horiek bertze leku batean egon behar z

«Hamaika aldiz erran eta errepikatu digute etxeko tresna zaharrak ezin ditugula nonahi bota. Hori jakin arren, batzuek ohitura txarra hartu dute eta soberan dituzten tresnak botatzen dituzte. Behin eta berriz garbituta ere, segituan trasto zaharrez betetzen da. Honek ezin du horrela segitu», dio Arantzako azken Udal informazioak. Arantzakoa ez da eskualdeko kasu bakarra. Zerrenda luzea da. Jendeak bide bazterrak, oihan inguruak edo garai bateko zuloak aukeratzen ditu sarritan etxean behar ez dituen tresnak botatzeko. Etxetresna, altzari zaharrak eta pneumatikoak dira batez ere halako puntu beltzetan aurkitu daitezkeen tresna haundiak. Baina urteak dira zabor horiekin zer egin zehaztu zela, tokian tokiko araudiak biltzen du hori, eta herritar arruntentzat doako zerbitzua da gainera. Pilak, beirak, enbaseak eta paperak zein kartoiak gaika bereizi eta edukiontzi berezietan sartu behar diren bezala, traste haundiekin zer egin ere onartua dago.

Eskualdeko zati haundi batean, gisa batera edo bertzera, Emauseko Traperoak arduratzen dira horretaz. Hori da, hain zuzen, Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitza eta Aresoren kasua. Lehendabiziko hiruetan, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan, Emauseko Traperoek Donezteben duten bulegora deitzea aski da, 948 451979 telefonora, eta etxera joanen dira bila. Bortzirietan, gainera, Mankomunitateak isunak paratzea ere aurreikusten zaborrak edonon botatzeagatik. Gisa berean, aipatu, hurrengo urtean bilketaz nor arduratuko den zehaztu gabe dagoela oraindik, baldintza pleguak aldatu egin direlako eta horrenbertzez, berriz lehiaketa zabalduko da. Hori, ordea, azaro amaieran edo abendu hasieran izanen da, bitartean Emauseko Traperoek segituko dute.

Leitzaldean, herri bakoitzak bere erara egiten du bilketa. Leitzan eta Areson Udal bakoitzak berea kudeatzen du, baina bietan 012ra deitu behar da, eta izena eta beharrak zein diren azaldu, hau da, zein traste eramatea nahi den erran. Horrela, udaletxean zerrenda osatuz joaten dira, eta behin zerrenda osatutakoan Udalak Emauseko Traperoei deitu eta etxez-etxe joaten dira trasteen bila. Leitzaren kasuan, eskaera haundiagoa delako, hilabetean bi aldiz pasatu ohi dira, hileko bigarren eta laugarren asteazkenetan normalean. Areson, ordea, eskaera ttikiagoa da, eta horregatik kamioia hilean behin pasatzea nahiko da.

Goizuetan aguazila da traste haundien bilketaz arduratzen dena, eta hilabeteko egun jakin batean egiten du hori. Aranon ere Goizuetako zerbitzuarekin funtzionatzen dute, eta Goizuetako aguazilak egiten du bilketa, herrian paratuak dauden edukiontzietara hurbildu ondotik.

Urdazubi eta Zugarramurdik Lapurdirekin duten hurbiltasuna dela-eta, Senpere, Sara eta Azkaineko sistemarekin bat egiten dute. Hauetan norberak arduratu behar du Cherchebruit eta Amotzen (Lapurdi) artean dagoen gunera eramateaz. Udalarekin sinatutako akordioaren bitartez, herritarrentzat dohainik den zerbitzua da. Horretarako txartel berezia dute bertakoek. Enpresek, ordea, gehiago kontsumitzen dutelako ordaindu behar dute. Aipatutako gunera eramandakoan, bertan egiten da zaborren banaketa.

Zabor kiloa egunean

Gero eta kezka haundiagoa sortzen duen kontua da hiri hondakinena. Nahiz eta gero eta gehiago birziklatu, zabor ekoizte tasak ere etengabe igotzen ari dira: duela 20 urte, bakoitzak egunean kilo erdi inguru zabor sortzen zuen; gaur egun pertsona bakoitzak kiloa gainditu du. Arazoaren larritasuna agerian dago. Eskualdean ere herritar bakoitzak egunean gutti goitibeheiti zabor kiloa sortzen du. Bortzirietan da altuena kopuru hori —Nafarroako altuena, gainera—, Ibardingo dendak tartean direla, pertsonako 1,65 kilo zabor kontsumitzen da egunean. Baina aldi berean, Ibardin tarteko, birziklapena ere altuagoa da Bortzirietan. Iazko papera eta kartoien datuei erreparatuz gero, 2006an Bortzirietan biztanle bakoitzak 64,15 kilo paper eta kartoi birziklatu zituen; Nafarroan herritar bakoitzak 44,5 kilo egin zituen, eta estatu espainiarrean, biztanleko 24,5 kilo birziklatu ziren.

Kontsumoari dagokionean, eskualdean, Baztan eta Leitza datoz ondotik, pertsona bakoitzak 1,05 kilo kontsumitzen du eguneko; segidan Malerreka heldu da. Hemen egunean 1,03 kilo zaborrekoa da bakoitzaren ekoizte tasa; Goizuetan kontsumoaren datuak baikorragoak dira: 0,51 kilo zabor eguneko eta pertsonako —Nafarroa osoko kopururik baxuena da—. Helburua, ordea, ahalik eta gehien birziklatzea da eta kontsumoaren kopurua murriztea.

Etorkizuneko zabortegi berria Baztanen egonen da

Zabortegien gaia aspalditik ari da zer errana ematen. Izan ere, Europako arautegi berriak dioenez, zaborrak birziklatzeko planta bereziak sortu behar dira, gaur egun irekiak dauden zabortegiak ixteko. Etorkizunean Nafarroan hiru transferentzia planta eginen dira, eta horietako bat Baztanen kokatuko da, Zozaiako Xolborro harrobi zaharrean. Gainerakoak, berriz, Zangotzan eta Tafallan eginen dira. Planta horietan zaborra banatu eta trinkotu eginen da, eta ondotik, Tuterako El Culebrete biometanizazio plantara eraman.

Birziklatzea bultzatzeko ontzia Bortzirietan

Ekimena berria da gure eskualdean, helburua, ordea, azken urteetako berdina: birziklatze maila hobetzea. Herritarrei, egunerokoan birziklatzen laguntzeko, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak abian paratu duen kanpaina berria da, eta horren bitartez, zaborrak gaika biltzeko ontzi bereziak banatuko dira Bortzirietan, dohainik. Erran ohi da herritarren ehuneko haundi batek ez duela birziklatzen beren sukaldeetan etxeko zaborraren frakzio desberdinak gaika biltzeko ontzi egokirik ez duelako. Hain zuzen, arazo horri aitzin egiteko dator ontzi berria.

Ohiko zabor ontziek ez bezala, konpartimentu ezberdinak ditu edukiontzi berri honek, eta hiru koloretako hiru zaku: urdina papera eta kartoiarentzat, horia ontzi arinentzat eta berdea beirarentzat. Zakuok garbigailuan ere garbi daitezke, eta horrenbertzez, luzaroan berrerabil daitezke.

Ontzia eskuratzeko, mankomunitateak etxeetara eskutitza bidaliko du, eta bertan azalduko da bakoitzak noiz eta non jaso ahal izanen duen poltsa. Eskutitzarekin batera joanen da poltsa jasotzeko balea ere. Edozein kasutan, eskutitza jasotzen ez dutenek ere izanen dute poltsa doan jasotzeko aukera, arduradunek nori eman behar dioten aitzinetik jakinen baitute.

Estetika atseginarekin dator poltsa, koloretsua eta didaktikoa aldi berean. Ohiko ontziaren pareten zurruntasunik ez du, eta horrela, zaku bat goraino bete daiteke ondokoa erdi hutsik dagoen bitartean. Irudian ageri dena da, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatearen ekimenez Bortzirietan banatuko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun