Larunbatean hasiko da Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Mutiletan Amaiurko bi taldeak eta nesketan Beti Gazteko biak izanen dira eskualdeko ordezkariak

Larunbat honetan, azaroaren 10ean, arratsaldeko 5etatik aitzinera Arbizuko kiroldegian jokatuko den saioarekin hasiko da Nafarroako Goma gaineko sokatira txapelketa. Aurtengoan, berrikuntza gisara, taldeak sei lagunekoak izanen dira. Izan ere, gero eta zailagoa egiten zaie taldeei zortzikotea osatzea eta horregatik hartu du erabaki hau Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Guzira hiru jardunaldi jokatuko dira liga sistema erabiliz eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak kategoria bakarrean lehiatuko dira: gizasemeak 465 kiloz beheitiko kategorian eta emakumezkoak 390 kiloko kategorian.

Gizonezkoen kategorian hiru talde bakarrik arituko dira: Amaiur A, Amaiur B eta Txantrea. Nafarroako sokatirako bi talde historikok, Beti Gaztek eta Berriozarrek ez dute talderik aurkeztu. Lesakarren kasuan, ez dute jende nahikorik taldea osatzeko eta Berriozarkoen kasuan, egutegia ez zaie ongi egokitzen. Emakumeetan, berriz, lau talde arituko dira: Sakana, Beti Gazte A, Beti Gazte B eta Txantrea.

Azaroaren 17an Lesakan

Aipatu bezala, lehen saioa larunbat honetan eginen da Arbizun. Bigarren jardunaldia Lesakan izanen da azaroaren 17an, larunbatean, arratsaldeko 4:30etan Plaza Zaharrean. Euria eginen balu, tiraldiak frontoian eginen lirateke. Hirugarren eta azken saioa azaroaren 24an, larunbata, eginen da Txantreako Virgen del Camino institutuko frontoian, arratsaldeko 5etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun