Ostatu eta jatetxeek bere bezeroei iturriko ura eskaintzea eskatu du Irache kontsumitzaile elkarteak. Irache elkarteak aipatu duenez, legeak horrela agintzen du, oinarrizko zerbitzua da eta hori gutti balitz, familien ekonomiarako eta ingurumenerako mesedegarria da. Irache elkarteak Iruñean egindako azterketaren arabera, 21 ostatu eta jatetxetatik erdiak baino gehiagok ez du iturriko ura eskaintzen eta botilakoa kontsumitzera behartzen du bezeroa.
Iturriko ura eskaintzeko arrazoiak jakinarazi ditu Irachek. Alde batetik, legeak horrela eskatzen du. Nafarroan ostalaritzako establezimendu bat ireki ahal izateko iturriko ura izatera derrigortuta dago eta bezeroei, “kontsumorako egokia den ura eskaini beharko diete”. Botilan dagoen urak, beharrezkoa ez den gastua sortzen dio kontsumitzaileari. Botila ttikiek euro eta euro terdi artean daude eta botila handiak bi eta bi euro terdiaren artean. Honela, markaren arabera, botilatutako uraren litroa iturriko ura baino hagitzez garestiagoa da, zenbaitetan 10.000 aldiz garestiago ere. Iturriko ura ingurumenarekin errespetagarriagoa da, ez duelako edukiontzirik behar. Botilen %80a plastikozkoa da, %10 polietilenoz egina, % 7 beirazkoa eta PVCa kasik desagertua dago. Iturriko ura produzitzeak eta banatzeak ere, energia aldetik aurrezpen handia suposatzen duela jakinarazi du Irachek. Gaur egun, herrialde garatuenetan iturriko uraren kontsumoa bultzatzen ari dira eta zenbait lekutan, botilako ura erostea debekatzen.
Nafarren %93ak iturriko ura edaten du normalki
Irachek aipatu duenez, Nafarroan iturriko ura edateko ohitura daukagu, bizilagunen %93ak hori egiten baitu egunero. Horrek erakusten du herritarrek iturriko uraren kalitatea ona dela uste dutela. Bertze autonomiekin konparatuz, botilatutako uraren kontsumo ttikia da Nafarroan.
Arrazoi guzi hauek kontuan hartuz, Irachek iturriko ura eskaintzea eskatu die ostatu eta jatetxeei. Kontsumitzaile elkartearen ustez, bezeroen eskubidea da eta hori ez egitea legez kanpokoa ere izan daiteke. Zenbait ostatutan, iturriko urarekin pitxerrak jartzen dituzte barran eta ondoan, edalontziak, bezeroek nahi haina har dezaten. Hori izanen litzateke segitu beharreko eredua, Iracheren ustez.