Aurtizko San Martin bestak, azaroaren 8tik 11ra ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 7a

Ortzegunean haur jokoak izanen dituzte Aurtizen. TTIPI TTAPA

Ortziral arratsean mariatxia eta larunbat arratsaldean aizkora apostuak izanen dira

Urteko azken besta haundiak, Aurtizko San Martin bestak ospatuko dira ortzegunetik igandera, azaroaren 8tik 11ra. Ortzegunean, Besten hasierako txupinazia botako da arratsaldeko 16:30ean. Segidan herriko txistulariekin kalejira eginen da. 17:00etan haur jokoak, eta ondotik txokolatada izanen dira. Arratseko 20:30ean tortila patata lehiaketa eginen da Aurtizko pilotalekuan. Ondotik berendu-afaria eginen da tortilekin eta sari banaketa lehenengo hiru tortila hoberenentzat. Afalondoan mus txapelketa izanen da Aurtizko elkartean eta segidan triki-pandero-joare-bertso-poteoa.

Herritarren Eguna

Ortziralean, hilaren 9an, Herritarren Eguna ospatuko dute. Goizean argisoinuak joko dituzte herriko txistulariek. Eguerdiko 12:00etan Aurtizko gazteen arteko herri kirol desafioa jokatuko da. 14:00etan herri bazkaria eginen da Angel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Joxe Angel akordeoilariarekin. Gauerditik aitzinera REYES DE JALISKO mariatxien emanaldia izanen da, eta ondotik JOXE ANGEL akordeoilariarekin dantzaldia izanen dira.

San Martin bezpera

Goizean argisoinuak izanen dira herriko txistulariekin. Eguerdiko 12:00etan herritarren arteko pilota partida jokatuko da: Burriñene I eta Burriñene II, Mixeltene eta Errandeneren aurka. Arratsaldeko 17:00etan trikitixa jaialdia. 18:30ean aizkora apostua jokatuko dute Erasun eta Mindegiak, Olano eta Castroren kontra. Miel Mindegia beteranoa kanako egurra mozten eta Kenari Erasun gaztetxoa bi 35 ontzakoa mozten ariko dira. Gauerdiko 0:30etik aitzinera gaupasa izanen da IZOTZ taldearekin.

San Martin Eguna

Igandean, azkenik, San Martin Egun handia ospatuko da. Goizean argisoinuak izanen dira herriko txistulariekin. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia emanen da San Martinen ohorez. Ondotik dantzariak arituko dira eta gero hameketakoa eskainiko da herriko elkartean. Atsaldean txintxon lehiaketa jokatuko da Aurtizko elkartean. Ondotik dantzaldia JOXE ANJEL akordiolariarekin bestei akabila emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun