Bertizko Natur Parkean legez kanpoko uso-postua jartzeagatik Irungo ehiztaria salatu dute

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 6a

Legez kanpoko ehiza-postua. TTIPI TTAPA

Sunbilla-Bidasoa-Berroarango kotoa ere salatu du Foruzaingoak

Uso ehiza garaiak bere onenak eman ditu, baina gai horren inguruko albisteak ez dira akautu. Joan den astean, Foruzaingoko Ingurumena Zaintzeko Saileko poliziek Irungo ehiztari bat salatu zuten, Sunbillako dermioaren barrenean Bertizko Jaurerriko Natur parkean zegoen legez kanpoko postu batetik ehizean aritzeagatik. Ehiztari hau herriko koto bateko bazkide denez, koto hori ere denuntziatu dute foruzainek, bere uso-postuen segidan legez kanpoko bertze bat jartzeagatik.

Bertizko Natur Parkean furtibismoaren kontrako ohiko ikuskaritza batean, aipatutako postua topatu zuten pago batean. Ingurutik ez ikusteko moduan diseinatua omen zegoen postua: broka haundi batekin zulatu eta burnizko maila batzuk sartuak omen zituen, eskailera bezala erabiltzeko. Adaburuan, egurrezko taulekin egindako postua zegoen. Gainera, ehizarako materiala igotzeko soka eta polea jarriak zituen, honela tresnarik eta pisurik gabe igo ahal izateko. Foruzainek zaindaritza lana egin eta Irungo ehiztaria agertu zen postura, hiru ehiza-zakurrekin. Ehiztaria Bertizko natur Parkearen barrenean topatu zuten, Sunbilla-Bidasoa-Berroarango kotoaren Paretazar usategiaren mugan. Aipatu bezala, ehiztari hau koto horretako kidea denez, kotoa ere denuntziatu dute.

Bertze sei salaketa

Aipatu behar da Foruzainek bertze sei denuntzia ere egin dituztela Nafarroako mendialdean azken egunotan. Denuntzia hauek birigarroak ehizatzeko erreklamo elektronikoak erabiltzeagatik, kotoaren txartelarik gabe oilagorrak ehizatzeagatik eta postutik kanpo ehiza egiteagatik jarri dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun