Arkupeak erretiratuen elkarteak azaroaren 24an Donezteben eginen duen bazkaria aprobetxatuko du zenbait herrietako delegatu eta zuzendaritza batzordeko kideri omenaldia eskaintzeko. Zehazki, zuzendaritza batzordeko Joaquin Goikoetxea Azkona, 87 urteko beratarra; Jose Urrutia Grajirena, 87 urteko Saldiasko delegatua; Anuntxi Agesta 92 urteko etxalartarra, batzordeko kide ohia, delegatu ohia eta aldizkariaren animatzailea eta Jose Paul Corrales etxalartarra, hau ere idazkaria, delegatua eta zuzendaritza batzordekoa izandakoa, omenduko dituzte. Gisa berean, hil ondoko omenaldia eskainiko zaie Ezkurrako Pantxito eta Rosario Gorostiaga Escala anai-arrebei. Pantxito zuzendaritza batzordeko kidea izan zen, delegatua eta bilkuren animatzaile handia eta bere arreba, Ezkurrako delegatua izan zen.
Azaroaren 24ko egitarauari dagokionez, autobusak goizeko 9:30ean abiatuko dira Goizueta eta Zugarramurditik; 10:00etan Irun, Leitza eta Ezkurratik; Bera, Etxalar, Elizondo eta Almandoztik 10:15ean eta Zubieta, Sunbilla, Oronoz eta inguruko herrietatik 10:45ean. 11:30ean Meza emanen da Doneztebeko parrokian, aurten hildako bazkideen omenez. Ondotik bertsolariak arituko dira eta ondotik hitzaldien txanda etorriko da. Solasaldi hauetan, aurten egindako ekitaldiak eta kontuak aztertuko dira eta datorren urterako prestatu diren ekintzak ere aurkeztuko dira. Gero, omenaldia eginen da kiroldegian eta leku berean, eguerdiko ordubata terdiak aldera bazkaria izanen da, Kadereitako Marisol jatetxeak eskainia. Menuan, Arrain zopa, frituak, otarrainxkak, limoi sorbetea, entsalada zentroak, umerria panadera patatekin, txanpan, tarta izozkiarekin, ardoa, ura, kafea eta kopa izanen dute bazkaltiarrek.
Txartelak azaroaren 12a baino lehen erosi behar dira
Bazkal ondotik, arratsaldeko 16:30etatik 19:00etara dantzaldia izanen da eta zazpiak eta laurdenean autobusak etxera bueltan abiatuko dira. Besta azaroaren 24an baldin bada ere, izen emateko epea dagoeneko zabalik dago, azaroaren 3tik 12ra egin behar baita. Egun osoko prezioa 35 eurokoa da eta Arkupeak elkartetik jakinarazi dutenez, egun horietatik kanpo ez da inor gehiago hartuko. Herrietako delegatuek bereziko dute autobusetan eta beren autoetan etorriko direnak. Bazkarian sartzeko denek erreziboa erakutsi beharko dute sarreran eta ezin izanen da bertzeen eserlekua hartu.