Doneztebe eta Lesakako feriak behi eta ardi aziendarik gabe geldituko dira

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 6a

Julio Salinas albaitariaren ustez, ezin izanen da behi eta ardi aziendarik eraman ferietara. <br> TTIPI TTAPA

Oraindik ofiziala ez bada ere, mingain urdinaren eritasunaren ondorioz neurri hori hartuko dela uste du Julio Salinas albaitariak

Bidasoaldeko abeltzainak kezkatuak daude, mingain urdinaren eritasuneko lehen kasuak agertu baitira Gipuzkoan. Gainera, Nafarroako mugatik hurbil agertu dira eritasun honen kasuak, Oiartzun eta Errenteriako granjetan. Gehien bat ardi aziendei eragiten dien eritasuna izanik, behi eta ahuntz aziendak ere eritzen dira. Gipuzkoan bederatzi granjetan agertu da eritasuna, horietatik zazpi ardi granjak dira eta bi behi-granjak. Gizakiek ez dute eritasun hau hartzen, baina abeltzainak kezkatuak daude, haragiaren salmentan eta kontsumoan eragina izanen duelakoan. Horregatik, EHNE sindikatuak osasun arloko neurriak ez ezik, neurri ekonomikoak ere hartzea eskatu die administrazioei. Nafarroako Gobernuak ere neurriak hartu ditu, nahiz eta oraindik ez diren eritasuna duten aziendarik agertu herrialdean. Honela, Nafarroako ardi eta behi granjetako aziendak ezin dira mugitu, ezin da saldu eta astelehenetik hasita, albaitariak Gipuzkoako muga inguruko 500 granja bisitatzen ari dira.

Izan ere, eritasuna agertu den 20 kilometroko inguruan segurtasun neurri batzuk hartzen dira eta horrek bete-betean hartzen du Bortziriak eta Goizueta-Arano aldea. Behiei odola ateri eta gaitza baduten aztertu beharko dute. Ardiak ere aztertuko dituzte, gaitzen-sintomak topatzen ote dituzten ikusteko.

Behi eta ardi aziendarik ez ferietan

Eritasun honen inguruko xehetasun gehiago izateko, Julio Salinas albaiteriarekin izan gara. Bere ustez, datozen asteetan egitekoak diren Doneztebe eta Lesakako ferietara, behi eta ardi aziendak aurkezteko aukerarik ez izatea ere gerta daiteke. “Oraindik ez da deus ofizialik, baina nere ustez ezin izanen da behi eta ardi aziendarik aurkeztu. Seguruaski debekatu eginen dute. Zaldiekin ez da arazorik izanen baina, behi eta aharerik ez da izanen”.

Julio Salinasek aipatu digunez, mingain urdinarena eritasun zaharra da, “aspaldian ezagun zen Afrika aldean eta Espainian duela lau urte edo agertu zen. Orain Mediterraneo osoan eta Europako zati handi batean zabaldu onen da. Beharbada, klimaren aldaketak ere izan dezake eragina eritasuna gure ingurura hedatzerakoan”.

“Udaberrian edo udan okerragoa litzateke”

Prebenitzeko zaila da. Euli batek transmititzen du eta horrela, aziendak ixtegian sartzen badira, ahal izanez gero sarea paratu beharko litzateke. Inguruan gorotza edo zaborra izanez gero, intsektizida botatzea komenigarria da, baina ez dago egiteko gauza handirik. Dena den, eritasuna ez zabaltzeko garai egokia dela uste du Salinasek: “Udaberrian edo udan gertatu izanen balitz okerragoa litzateke, negu aldera euli guziek aktibitate txikia dute”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun