Nousbaum eskuindarra eta abertzale talde bat lehiatuko dira auzapezarekin martxoko bozetan

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Udaberrian, herriko auzapeza eta kantonamenduko kontseilari nagusia hautatu beharko dira

2008ko martxoaren 9an eta 16an herriko bozak eginen dira. Momentuz, hiru talde lehiatuko dira: Christine Bessonart, 2001ean hautatua izan zen andere auzapeza berriz presentatuko da. Lagun berriak izanen ditu bere zerrendan. Aurtengo buruila arte bere lehen ordezkaria izan zena aldiz ez da taldean izanen. Mixel Lahet Juzanek bere dimisioa zergatik eman zuen esplikatu du berriki Herriko Etxe guzietarat igorri duen eta prentsan argitaratu duen gutunaren bidez. Bessonartek dio ez duela ulertzen zergatik idatzi duen gutun hori Lahet Juzanek, banaketa egitea biek adostu omen baizuten.

Bertzalde, Pierre-Marie Nousbaum, azken 15 urteetan Senperen bizi denak eskuineko zerrenda zuzenduko du lehen aldiz. 2001ean, Christian Fourgeauren listan ziren kide batzuk eta lagun berriak izanen ditu inguruan Nousbaumek. Gizon hau ezaguna da Michèle Alliot Marie Frantziako barne ministroaren hurbilekoa baita. Diputatu idazkaria da Parisko asanblada nazionalean eta MAM gobernurat deitu baitute; gaurko egunean Daniel Poulou Lapurdiko diputatuarekin ari da lanean.

Azkenik, abertzale talde bat prestatzen ari dira, bertzeak bertze, Jef Bederede gaztearen inguruan. 2001ean, talde abertzaleak bi aulki eskuratu zituen baina arrazoi desberdinengatik legealdi honetan bi aulki horietan egon diren Pierre Ithourria eta Serge Harisgain Gaxinto ez dira berriz presentatuko.

2008ko martxoko hautagaiak ez dira, beraz, 2001eko berak izanen lehiatuko diren hiru zerrendetan. Gaia hurbiletik segituko dugu ttipi-ttapan, eguneroko bizitzan hartu behar diren erabaki frango Herriko Etxeak hartzen baititu.

Herriko bozen egun berean, Uztaritzeko kantonamenduko kontseilari nagusia hautatuko da. Bernard Auroy zentrista berriz aurkeztuko da eta lege berria segituz bere sexukoa ez den ordezko bat beharko du. Hau Christine Bessonart izanen da. Biek ikuspegi bera, elkar ongi aditzen dutela eta harreman onak dituztela erran du berriki Bessonartek Euskal Herriko kazetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun