Negu garaian, eguraldi kaskarragoarekin, turistei aukera berriak eskaintzeko asmoz, sukaldaritza ikastaroa antolatu eta abian paratu dute Bertizko Partzuergo Turistikoak, Sunbillako Udalak eta Ulibeltza elkarteak eta Donamariako Benta jatetxeak. Ekimenaren helburua hemengo jendearekin hartu-emanean, turistei gure gastronomiaren produktuak ezagutarazi eta dastatzeko aukera ematea da.
Hala, Donamariako Bentako sukaldaria eta Ttipi-ttapako Eltze beroa saioko kolaboratzailea den Haizea Luzuriaga eta Lourdes Montoia bere lankidea irakasle lanetan ari dira, Sunbillako Ulibeltza elkartean. Ikastaroak urriaren 18an hasi ziren, eta ortzegunero izaten dira, 17:30etik 19:30eara. Azken eskola, abenduaren 20an izanen da.
Ikastaroa, ordea, ez da turistei begira bakarrik antolatua. Interesa duen eskualdeko edozeinek parte hartu dezake, eta Bertizko Partzuergo Turistikoan izena emanez gero, zortzi eguneko ikastaroan parte hartuko du. Turistek, berriz, egun bateko ikastaroan edo tarteka parte hartzeko aukera dute. Ikasi nahi duenak Bertizko Partzuergo Turistikoan eman beharko du izena ikastaro eguna baino lehen.