Turismoarekin lotutako proiektuak inauguratu dituzte Lesaka, Etxalar eta Urrotzen

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Gobernuko eta eskualdeko udal eta entitateetako ordezkariak urriaren17an. TTIPI TTAPA

Gobernuak 100.000 euro bideratu ditu lan hauetara

Bidasoaldean turismoarekin lotuak dauden hiru proiektu inauguratu zituzten urriaren 17an Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko ordezkariek Urrotz, Etxalar eta Lesakan. Nafarroako Gobernuak guztira 100.392,36 euroko inbertsioa egin du.

Leurtzako urtegian ezinduei ingururako sarbide errazteko egin da lana. Hala, beheitiko urtegira doan bidea moldatu da, zola hobetu, baranda jarri eta bidaxka konpondu. Lan horietarako, Urrozko Udalak 25.048 euroko dirulaguntza hartu du, 39.000 euroko aurrekontuaren %64,22a.

Lesakako Agiñako gune megalitikoan hainbat eraikinek iraun dute mendez mende: trikuharriak eta tumuloak, harrespilak, borobilean ezarritako menhir edo iruinarriak... Erromatarren inbasioak baino lehen, Agiñako kaxkoan harresi bat ezarri zen, egurrezko etxebizitzak eta burdina egiteko erabiltzen zituzten lekuak babesteko. Bidasoaldean topatu den indouropearren aztarna bakarra da Agiñakoa. Orain, berriz, mendi bizikletaz edo oinez egiteko zenbait bidaxka moldatu dira bertan. Lehena zirkularra da, eta burdina oinarri hartuta, Lesaka, Bidasoako trenbidea eta Agiñako historiaurreko estazioa lotzen ditu. Bigarren bidaxka Agiña inguruan dago eta historiaurreko aztarnak ikusteko aukera eskaintzen du. Pagolleta eta Burnaizti artean, ibilbidea Iruña eta Bordele lotzen zituen erromatarren bidearekin gurutzatzen da lau aldiz. Hirugarrena laua da eta lasaiagoa, kilometro eta erdi ingurukoa. Halere, historiaurreko aztarnak eta Aranzadi Zientzia elkartearen eskariz, Vallet eta Jorge Oteizak Aita Donostiari egindako eskultura eta arkitektura lanak ikus daitezke. Lan hauetarako 44.958 euroko laguntza jaso du Lesakako Udalak, 70.000 euroko aurrekontuaren %64,22a.

Etxalarko eskaintza turistikoa sendotzeko, azkenik, bi bidaxka tematiko eta kultural egokitu dira, Zentinelako bidaxka arkeologikoa eta Usategietakoa. Lehenbizikoa Zentinela inguruan dago, iratze eta larre artean, eta oinez, bizikletaz nahiz zaldiz egin daiteke. Lakain auzotik eta Zugarramurdira doan bidetik du sarbidea eta marra txuri eta urdinez seinalizatua dago. Usategietako ibilbideak marka txuri eta gorriak ditu, GR-11rekin bat egiten baitu. Lizarietako kaxkoan eta Usategieta jatetxeko aparkalekutik hasi daiteke eta usategien azpiegiturak ikus daitezke. Dena den, ehiza garaian, urria eta azaroan, ibilbidearen erabilera mugatuko da. Proiektu hau egiteko 30.385 euroko laguntza jaso du Udalak, 47.309 euroko aurrekontuaren %64,22a.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun