Hainbat atzerapenen ondotik (sakela-betetzailen interesak direla medio, seguraski) ematen du aurten martxan dagoela Eraikuntzako Kodigo Tekniko Berria. Arautegi horrek eraikuntza berriko etxebizitza eta zaharberrittutakoetan, guttineko eguzki indar erabilera agintzen du ura berotzeko.
Azken boladan gainera, maiz leitu eta aditu dut inguruan (Xorroxin, Ttipi Ttapa...), eta kanpotik ikusita ematen du gauza aitzinera doala, alegia, poliki-poliki energia berriztagarrik ari direla sartzen. Gezurra! Ez behinik behin partikularren artean.
Nik neronek bai paratu dut ura berotzeko sistema, baino gutti gehiago paratuko dire gure inguru honetan. Zergatik? Norbaitek ez badaki edo, azalduko dut.
Lehen aipatu bezala, Kodigo Berri horrek ura berotzeko eguzki indarra erabiltzera behartzen du, beti ere, babes historiko-artistikoa arautzen duen erakunde batek ez badu bertzerik agintzen.
Orduan, gure agintari astakilo, ignorante eta entxufatu horietako batzuk, hain zuzen, Ondare Historikoaren Zerbitzukoek, zera erran dute: kontraerrana dagoela Kodigo Berriko arautegiaren eta Nafarroako pirineotako aranetako herri eta eskualde prepirenaikoetako balio historiko ta arkitektonikoen babestearen artean. To! Ze jakintsuak dituken trajedun jauntxoak!
Zein ondare historiko-arkitektoniko eta zer arraio? Ez adarrarik jo mesedez, hori aitzakia da, ez benetako arrazoia!
Ez al zen aspaldi urratu babes hori, gaur egun modan dagon eraikuntza moduarekin? Gure inguruko mendi magal guzietan barra-barra ari dira agertzen, sekulako desmonte eta eskoilerak eginez, palaziotxo dotoreak, batzuk haundigoak, bertzeak ttikiagoak, zein baino zein horteragoa. Horrek zer ikustekorik du gure ondare eta «memoria visual colectiva»rekin, ebazpen horretan dioen bezala?
Eta kotxez betetako karrikak ez al dute inguru historiko-arkitektoniko hori hausten? Eta planifikaziorik gabe eta sakelak betetzeko eginiko urbanizazioek?
Ondorioz, Nafarroko iparralde guzian ez da beharrezkua eguzki indarra paratzea ura berotzeko, segi lasai gasa eta gasoila erretzen, eta eguzki instalazioa ez paratzearekin aurrezten den dirukin (lau bat mila euro, itxia kostako den 300.000rendako, aunitz baita) erosi todo-terreno haundigoa edo plasmazko telebista erraldoia, energia aurrezteak esperatu dezake...
Gainera, zenbait herritan, horrekin aski ez dela, debekatu egin dute eguzki sistema paratzea, hor dago! Navarra siempre palante!
Orduan zer kristo? Bada aldaketa klimatikorik eta energia aurreztu beharrik? Rajoyek dion bezala, ez! Nafarroan behinik behin ez! Nahiz eta estatuko kontaminazio mediaren gainetik egon.
Saiatzen naiz ez haserretzen, ez du merezi, irri eginen dut, zirku batean paiasoak ikusiko banitu bezala, kar kar kar!
Bakoitzak bere itzala...
Joseba Urrotz, Urrotz