• Martxoaz geroztik Bertiz Turismo Partzuergoko kudeatzailea da Izaskun Goñi. Sortzez iruñearra, orain Sunbillan bizi da.
• Abian paratu duten azken proiektuen artean, Donamariako Jauregira antolatu dituzten bisita gidatuak daude. Interesatuek Partzuergora deitu behar dute.
• XIV-XV. mendeko eraikin berezia da Donamariakoa, XII eta XIII. mendeko aztarnekin. Bisitak Maite Urroz herritarrak gidatzen ditu.
Zazpi hilabeko lanaren ondotik, zein balorazio eginen zenuke?
Balorazioa oso baikorra da. Nahiz eta martxoan hasi, urtero egiten ziren proiektu guztiak antolatu eta berri batzuk ere aurrera atera ditugu: Donejakue Bidea landuz ibilaldiak, bizikleta martxa trenbidean, Landa Turismoaren Jaialdia, natura eta artisautza azoka... Bertizko parkea turistei gure kultura erakusteko leku aproposa dela ikusi dugu. Orain gastronomia jardunaldiekin ari gara. Ekonomia eta eguraldi txarragatik ez da urte ona izan turismoarentzat, baina jendea eskualdera erakartzea lortu dugu.
Sei Udalek Partzuergoa utzi ondotik sartu zinen kudeatzaile...
Dagoeneko haietatik bat itzuli da, Sunbilla eta Donamaria, Elgorriaga eta Doneztebe ere itzuliko direla uste dugu. Lesaka eta Bera ere bueltatzea gustatuko litzaiguke.
Hasieratik bultzatu duzu «eskualdeko filosofia». Horregatik Donamariako Dorrera bisita gidatuak?
Donamariakoa tokiko baliabidea da. Ez da eskualdeko ekimena, baina berezia denez, dorrearen aitzakiarekin kanpoko jendea eskualdera erakartzea lortzen dugu. Telefonoa jo eta jo ari da egunero, eta dorreaz galdetzean guk lau bailarak aurkezten dizkiegu: Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Urdazubi-Zugarramurdi.
Zer eskaintzen du Jauregiak?
Eraikina bera eskaintzen du, Euskal Herriko zaharrenetarikoa da. XIV-XV. mendekoa da, baina XII eta XIII. mendeko aztarnak ditu. Nafarroako Gobernuak eraberritu zuenean, harriz-harri eta egurrez-egur desegin eta berriro eraiki zuen. Barrutik hutsa dago, baina berritzeko erabili diren elementuak ikusgarriak dira: eskailera politak, zutabeak burdinezko zatiekin sendotuak... Hutsunea ikustea ere interesgarria da, eta batez ere goiko bi egurrezko solairuak. Goiko egitura berezia da, baita beheko harrizkoa ere, haitz baten gainean dagoelako eraikia dorrea eta hori ikus daiteke. Bigarren solairuan tximini haundi bat dago. Elementuak ez daude museotan bezala, baina eraikina berezia da.
Zein da bere historia?
Artxiboko agirietan ez dago asko jasoa eta gutxi ezagutzen da. Dena den, defentsarako dorrea izan zen. Dorretik Donejakue bidea pasatzen zen, Belatetik honat Donamariatik pasatzen zen adar bat baitzegoen. Jendea pasatzen zelako segurtasun eraikinak beharrezkoak zirelako eraiki zen. Horregatik ditu kanoi-zulo horiek, kanpokotik etor zitekenetik babesteko, eta altua izanik urrutitik zetorrena ikusteko. XVI. mendean, ordea, etxebitza bihurtu zen. Ordurarte ez zegoen ez leihorik ez aterik, baina etxebizitza bihurtzean atea eta leiho txiki batzuk ireki ziren, eta atera sartzeko eskailerak egin.
Inguruko jendearengan ere sortu du jakin-mina?
Lehen egunetan batez ere kanpotik etorri ziren bisitariak, baina orain hemengo jendea ere hurbiltzen da.