XV. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak abiatuko dira asteburuan

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 30a

Eskualdeko zortzi jatetxetan eskainiko dira menu bereziak

Asteburu honetan Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatzen dituen hamabosgarren Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak hasiko dira. Ekimen hau, Partzuergoak eskaintzen dituen ekitaldien artean klasiko bat bihurtuta, bi puntu indartsuetan oinarritzen da: noski, gastronomia, alde batetik, eta natura, bertzetik, egitan ikusgarria baitago gure ingurua urte-sasoi honetan.

Usategieten eta ehiztarien garai honek denboraldiko produktuak iniziatiba horretara gehitzen diren jatetxeen mahaietara ekartzen ditu. Edizio honetarako foiloetoa prestatu du Bertizko Partzuergo Turistikoak eta bertan ikusten denez, oinarria ehiza den arren, emaitza anitza da. Jatetxeek 25 eta 32 euro arteko menuak eskaintzen dituzte. Prezio hauei, ardoaren prezioa eta BEZa gehbitu behar zaie.

Aurten, Almandozko Beola, Igantziko La Villa, Arantzako Burlada, Doneztebeko Ameztia, Donamariako Benta, Oitzeko Posada, Berako Zalain eta Elbeteko Oñaska jatetxeetan eskainiko dituzte Ehiza Jardunaldi gastronomiko hauen barneko menuak. Menu osoak, prezioak eta harremanetarako telefonoak kontsultatzeko Bertiz Partzuergoaren web orrian daude, www.consorciobertiz.org helbidean eta informazio turistiko puntuetan banatuko diren foiletoetan ere.

Clara Santamariaren irudia

Aurtengo eskuorriak eta menuen karpetak irudiztatzen dituen margolana Clara Santamariak egina da. Koadroa Donamariako Bentako jatetxean ikusgai egonen da.

Parte hartzea zenbatu zen azkeneko urtean, 2005ean, bi mila lagun baino gehiago hurbildu ziren gure eskualdera menu hauek dastatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun