Mugalarreen hitzarmena berritu zuten larunbatean Lizuniagan

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 30a

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek bortz urtero berritzen duten fazerien edo mugalarreen hitzarmena sinatu zuten larunbat eguerdian, urriaren 27an. Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita oihaneko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak paratu ere.

Aitzinako ohiturari eutsiz, Lizuniagan sinatuko zen hitzarmena, Bera eta Sarako mugan dagoen Mahain-harrian. Eguerdiko 12etan izan zuten hitzordua. Azkainetik Joxet Daubas eta Jean François Salaberri joan ziren, Beratik Josu Iratzoki alkatea eta Marisol Taberna zinegotzia; Etxalartik, Patxiku Irisarri alkatea; Saratik Jean Aniotzbehere alkatea eta Jean Baptiste Indart zinegotzia, Biriatutik Jean Baptiste Lekuona alkatea eta Urruñatik, Leon Marin alkatea eta Marc Duperou zinegotzia.

Larunbat eguerdiko ekitaldian, hitzarmena sinatzeaz gain, Alkate soinua izeneko Berako doinuak jo zuten txistulariek. Gure Txokoa dantza taldeko Ainhoa Lanz, Patxi Castillo eta Asier Anduezak aurreskua dantzatu zuten eta Berako musika bandak Agur Jaunak jo zuen. Ondotik, hameketakoa izan zen Lizuniagako ostatuan eta bertan, Josu Goiak, bere diskoaren berri ere eman zuen.

Arestian aipatu bezala, hitzarmen honekin, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea dute bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Behi eta ahuntz aziendak, aldiz, ez daude hitzarmenean sartuak eta honelakoak topatuz gero, isuna jasotzen ahal dute jabeek. Oraingoan, larreak erretzen gertatzen ahal diren suteetan abisua ematea eta elkar laguntzea sartu dute hitzamenean. Sarako hautetsiek, erdi irriz erdi serio, usategiekin ere horrelako zerbait egin zitekeela ere aipatu zuten eta Patxiku Irisarrik enbidoari erantzun zion.

Larunbatean sinatutako hitzarmenak bortz urterako balioa duenez, 2012garren urtean jarri zuten berriz ere hitzordua Lizuniagan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun