Arano, Donamaria eta Oitzeko udalak eta Legasako kontzejua osatu dira bigarren deialdian

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 30a

Zubietako udala eta Narbarte eta Oieregiko kontzejuak hutsik gelditu dira oraingoan ere

Joan den maiatzeko udal hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zen herri eta kontzejuetan bigarren hitzordua zuten igandean, urriaren 28an. Egia erran behar bada, oraingo hauteskunde hauek ere ez dute ikusmin handiegirik sortu udaletxea osatu gabe gelditu ziren herrietan ere. Eskualdeko kasuan, herri eta kontzeju gehienetan zerrenda bakarra aurkeztu da eta Zubietako udalean eta Narbarte eta Oieregiko kontzejuen kasuan, berriz ere hutsean gelditu da deialdia.

Donamariako kasuan, Rikardo Sagaseta Andiarenak laugarren legealdia beteko du alkatetzan, Herriarengatik taldeko zerrendaburua baitzen. Berekin batera, Santiago Jorajuria, Jose Miguel Lasaga, Francisco Javier Migeltorena, Iñaki Telletxea, Iñaki Baleztena eta Angel Maria Larraburu izanen dira zinegotzi. 361 bizilaguneko zentsotik 192 botu jaso zituen Herriarengatik, 9 botu txuri izan ziren eta 2 baliogabekoak. Beraz, 158 donamaritarrek ez zuten bozkarik eman.

Oitzen ere kasu beretsua errepikatu daiteke. Hauteskunde sistema berezia dute Oitzen eta azkeneko bi legealdietan alkate izan den Alberto San Migel Mindegiak bildu du botu kopururik handiena, 31. Luis Mari Mindegiak eta Andres Oteizak hogeita zazpina botu hartu dituzte, Javier Ariztegik 25 eta Jose Maria Latasak 19. Dena den, hautetsi guziak bildu ondotik banatzen dituzte udaletxeko karguak. Oitzen, 120 laguneko zentsotik 40ek bakarrik bozkatu zuten, hirutik batek.

Aranon ere gauza beretsua gertatu zen. Azken bi legealditako alkateak, Iñigo Larrea Perurenak jaso zituen botu gehien, 39. Juan Manuel Leonet-ek 34 hartu zituen eta Itziar Loiartek 33. Beraien artean banatuko dituzte karguak, baina Iñigo Larreak segituko du alkatetzan. 130 laguneko zentsoan, 47 aranoarrek bakarrik bozkatu zuten.

Zubietako udala gestora batek kudeatuko du

Kontzejuei dagokienez, Aitor Zelaieta Mikelarena izanen da Legasako kontzejuko presidentea. Bortz hautagaien artean bozkatuena izan zen, 45 boturekin. Iban Urrizak 43 botu hartu zituen,. Asier Irisarrik 41, David Andresenak 32 eta Laura Andresenak 28. Maiatzean bezalaxe, urriko deialdi honetan ere udala osatu gabe gelditu dira Zubietan. Honela, legealdi honetan udala kudeatuko duen bizilagunen gestora bat osatuko da Nafarroako Gobernutik. Narbarte eta Oieregiko kontzejuak ere osatu gabe geldituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun