Mugalarreen hitzarmena sinatuko da larunbat eguerdian Lizuniagan

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 26a

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako Udalek

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek bortz urtero berritzen duten fazerien edo mugalarreen hitzarmena sinatuko dute larunbatean, urriaren 27an. Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita oihaneko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak paratu ere.

Aitzinako ohiturari eutsiz, Lizuniagan sinatuko da hitzarmena, Bera eta Sarako mugan dagoen Mahain-harrian. Eguerdiko 12etan izanen dute hitzordua. Azkainetik Joxet Dubas eta Jean François Salaberri joanen dira; Beratik, Josu Iratzoki alkatea eta Marisol Taberna zinegotzia; Etxalartik, Patxiku Irisarri alkatea; Saratik Jean Aniotzbehere alkatea eta Jean Baptiste Indart zinegotzia eta Biriatuko ordezkariak zein izanen diren ez da zehaztu oraindik.

Arestian aipatu bezala, hitzarmen honekin, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea dute bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Behi eta ahuntz aziendak, aldiz, ez daude hitzarmenean sartuak eta honelakoak topatuz gero, isuna jasotzen ahal dute jabeek. Oraingoan, larreak erretzen gertatzen ahal diren suteetan abisua ematea eta elkar laguntzea sartu dute hitzamenean.

Larunbat eguerdiko ekitaldian, hitzarmena sinatzeaz gain, Alkate soinua izeneko doinuak joko dira txistuarekin, aurreskua dantzatuko da eta Berako musika bandak Agur Jaunak joko du. Ondotik, hameketakoa izanen da Lizuniagako ostatuan. Berako Udaletik jakinarazi dutenez, euria eginen balu ekitaldi guziak Lizuniagako ostatuan eginen lirateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun