Aitzineko urtean Lesakan egindako bestak izan zuen arrakasta ikusirik, aurten bigarrenez Baztan-Bidasoako Gazte Eguna eginen da. Aurtengoan Elizondo aukeratu dute elkarretaratzea egiteko, eta eguna azaroaren 10a, larunbata. Ekimen honen helburua eskualdeko gazteak elkartzea da, eta antolatzaileek adierazi digutenez, aldi berean, «gazteok antolatu eta gure eskubideak borrokatzeko beharra eskualdean zabaltzea». Gaineratu dutenez, «gazteok pairatzen dugun egoera eta gazte aisiak gure eskualdean dituen gabeziak salatu nahi ditugu eta alternatiba bat eskaini gazteei».
Egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan hasiera ekitaldia eginen da; 11:00etan Erdiz-Bizirik!-en inguruko hitzaldia; eguerdian bazkari herrikoia trikitixa eta euskal kantuekin Gaztetxe parean. Arratsaldean, berriz, Erdizen aldeko manifestazioa eginen da. Arratsaldeko 7:00etan kalejira fanfarre eta bertsolariekin. Egunari segida emateko, gaueko 10:00etan Sexty Sexers, Ufestuek eta Kaskezur taldeek kontzertua eskainiko dute Gaztetxe parean.
Bazkarirako txartelak 12 eurotan salgai paratu dituzte Beran, Lesakan, Arantzan, Sunbillan, Donezteben, Elizondon eta Erratzun. Herri herri joan-etorria egiteko jai busa egonen dela ere iragarri dute antolatzaileek. Goizeko 08:30ean abiatuko da Beratik eta Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Sunbilla eta Doneztebetik pasatu ondotik ailegatuko da Elizondora. Itzulera ordua, berriz, azaroaren 11n, igande goizaldeko 7:00etan izanen da. Kontzerturako sarrera bortz eurokoa izanen da eta egunean bertan erosi ahal izanen da.