Cederna-Garalur Elkarteak berriro ere Hurbildu IKTetar@ programa paratu du abian emakumeentzako eta adinekoentzako. Kasu honetan, Leitzan eta Lesakan eginen dira ikastaroak, Amazabal institutuan eta Cedernak Alkaiagan duen egoitzan, hurrenez hurren. Guztiak ere dohainik izanen dira. Leitzan bi ikastaro eskainiko dira eta Lesakan, berriz, bakarra. Lesakan eta Leitzan bietan emanen direnak tailer tematikoak izanen dira eta azaroaren 26tik 30era eginen dira. Interesatuek hameka tailer izanen dituzte aukeran eta izena ematean horietatik hiru aukeratu beharko dituzte. Hiru hautatuenak aste horretan emanen dira.
Errate baterako, Interneten albisteak eta informazioa nola bilatu, Internet bidez nola erosi, Internet bidez musika eta irratia nola aditu, argazki digitalak, Nafarroako administrazioa Internet-en, sukaldaritza Interneten, Microsoft Word programarekin kurrikuluma edo anuntzio bat idazten ikasi, Interneteko mapak eta karriketako planoak, adinekoendako burua lantzeko ariketak edo baliabideak Interneten eta ordenagailuko artxiboekin nola lane gin izanen dira interesatuek aukeran izanen dituzten tailerrak.
Lesakan emakumezkoei bideratuak 09:30etatik 11:30era izanen dira, eta adinekoentzakoak, berriz, 11:30etik 1:30era. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko 948 625122 telefonora deitu beharko dute Bortziriak aldekoek. Leitzan, berriz, arratsaldez eskainiko dira eskolak: adinekoentzako arratsaldeko 4:30etik 6:30era eta emakumeentzako arratsaldeko 6:30etik 8:30era. Zalantzarik izanez gero edo izena emateko, 639900318 telefonora deitu behar da.
Horrez gain, Leitzan bertzelako eskolak emanen dira azaroaren 12tik 23ra. Informatikaren hastapenaren inguruan izanen dira: arratsaldeko 4:30etik 6:30era adinekoentzat eta 6:30etik 8:30era emakumezkoentzat.