Etxalarko Kultur Egunak konpostari buruzko solasaldi batekin hasiko dira ortzegunean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 24a

Larunbatean bertso-afaria eta heldu den asteazkenean antzerkia izanen dira

Urtero bezala, Udazkeneko Kultur Egunak antolatu dira Etxalarren. Urriaren 25ean, ortzeguna, arratseko 21:00etan hitzaldia izanen da Kultur Etxean. “Konposta: zer da eta nola egiten da?” izenburupean, Imanol Azpiroz Usurbilgo Udaleko zinegotzia eta San Markos Mankomunitateko lehendakariordea solasean arituko da.

Urriaren 27an, larunbata, bertso-afaria izanen da Herriko Ostatuan gaueko 22:00etatik aitzinera. Lesaka eta Zarauzko bertsolariak GR txapelketako errebantxan arituko dira, Joseba Olagarai gai-jartzailearen erranetara.

Afarirako sarrerak salgai daude dagoeneko Elutsan eta Herrikon. Urriaren 31n, asteazkena, eguerdiko 12:45ean antzerkia izanen da Kultur Etxean, “Ino-ino-ino, badator Bonbardino” antzeslana eskainiko du Ane Monna, Oskola eta Kamarroi taldeak. Euskara Batzordeak antolatuta, Etxalarko Udalaren laguntzarekin eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun