Bidasoa erreka garbitu zuten hainbat boluntariok larunbatean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 22a

Aizkolegi taldeak egindako deialdiari erantzunez, Bidasoa errekaren urak garbiago daude larunbataz geroztik, lan horretan aritu ziren bolondresei esker. Urtero bezala, behar baino jende gutxiagok parte hartu zuen, baina hurbildu zirenek lan bikaina egin zuten eta denon esker ona merezi dute. Bertizko Partzuergo turistikoak jardunaldia amaitzean balorazio bat egin zuen eta hauen hitzetan, Bidasoa erreka zaintzearen beharraz sentsibilizatu behar da jendea, hauxe baita gure eskualdea zeharkatzen duen baliabide naturala eta erakargarri garrantzitsuenetako bat.

Elizondo, Oronoz, Doneztebe, Elgorriaga eta Sunbillan ehun herritar inguru elkartu ziren, baina gehienbat haurrak izan ziren parte hartu zutenak. Haurrak oso motibatuak egoten dira eta lan handia egiteko gogoa izaten dute, etxean nahiz eskolan ingurumen arloa lantzen dutenean erraten zaienari esker. Gainera joko moduan hartzen dute. Ekintza bi orduz gauzatu zen, goizeko 10etatik 12etara eta bildutakoa, zoritxarrez, ugaria izan zen. Erreka herri erdigunetatik pasatzen denez, botila eta edalontzi hautsiak ohikoak izaten dira, baina ez hori bakarrik. Urtero bitxikeri eta sorpresa franko aurkitzen dituzte garbiketa lanean aritzen direnek eta hozgailu, bizikleta, pneumatiko eta bestelakoak topatu dituzte edizio honetan ere.

Aipatu moduan, Aizkolegi taldea da antolatzailea. Talde hau duela zenbait urte sortu zen Bertizko Partzuergoaren baitan eta ingurumenarekin lotura duten hainbat ekintza gauzatzen ditu. Kasu honetan, Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroa edo CRANA deritzon programaren barne sartu da eta aldi berean, zenbait erakunderen laguntza jaso du.

«Bidasoa guztion gauza da»

Aurtengo leloa “Bidasoa guztion gauza da” izan da eta Bidasoa erreka garbitzeko laguntzaileen lana azpimarragarria izan da. Botak, eskularruak eta poltsak nahikoak izan ziren hain garrantzitsua den garbiketa hau gauzatzeko. Herri ezberdinetan lan taldeak osatu eta bakoitzak arduradun bat edo bi izan ditu. Hauek parte hartzaileei ekintza gauzatzearen helburu eta zehaztasunak ematen dituzte. Baina ez hori bakarrik, batzuetan pentsa ezinak izan daitezkeen hondakinekin topo egiten dute eta hauekin zer egin behar den erakusten diete, edo aurrezaintzarako ze neurri hartu behar diren, edo bilketa selektiboaren prozesua erreka bazterrean hasi eta zaborrontzietan akitzen dela adierazi. Urteroko deialdia izaten da, eta espero dezagun guztion laguntzari esker, Bidasoa erreka txukunago eta itxurosoago mantenduko dugula.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun