Larunbat goiz honetan, urriaren 20an, jokatuko zen Baztan-Errekako gaztetxoen mailako laxoa txapelketako finala Doneztebeko Bear-Zana pilotalekuan. Lehenik, hirugarren posturako lehia iragarria zegoen, Doneztebe A eta Doneztebe B taldeen artean, baina partida hori ez zen jokatu.
Goizeko 11:30ak aldera final handia jokatu zuten Oitz eta Doneztebe Ck. Doneztebe C zen faborito, hasierako ligaxkako partida guziak irabaziak baitzituzten. Talde honetan Aurelio Bertiz, Joseba Grazenea, Unai Sapuppo eta Josu Inda aritu ziren. Oitzeko Ibai Iribarren, Laurendi Zelaieta, Jon Jaen eta Andoni Saldias ezustekoa ematen saiatu ziren, baina azkenean ez zuten lortu. Doneztebe Ck 9 eta 6 irabazi zion Oitzi.
Partida polita eskaini zuten bi laukoteek. Hasiera orekatua joan zen eta bana eta bina jokuetara berdindu zuten. Doneztebek, ordea, hurrengo sei jokuak segidan egin zituen eta 8 eta 2 aitzindu ziren. Bazirudien finala kolore handirik gabe irabazi eta txapela jantziko zutela doneztebarrek, baina Oitzekoen susperraldia etorri zen. Lau joku segida egin zituzten eta 8 eta 6 hurbildu ziren markagailuan. Doneztebekoak estutzen hasi ziren eta partida ezin akituz zebiltzan, baina bederatzigarren jokua lortu zuten azkenean. Honela, Doneztebe Ck 9, Oitzek 6 eta doneztebarrak txapeldun. Nafarroako Pilota Federazioko kirol zuzendariak, Javier Bariainek eman zituen sariak.
Gaztetxoen laxoa txapelketaren ondotik, geldialdia eginen du Laxoa Elkarteak. Negu partean, halere, paxaka txapelketari eginen diote.