Jabier Mariezkurrena kamioi gidaria hirugarren Espainiako abiadura txapelketan

Utzitako argazkiak 2007ko urriaren 22a

Jabier Mariezkurrena kontent, Jaramako podiumean. TTIPI TTAPA

Ederki Tailerreko eskuderiak motor hobea izanen du heldu den urtean

Jabier Mariezkurrena, Doneztebeko pilotoak bere denboraldirik onena egin du, Espainia eta Europako kamioi abiadura txapelketetan. Doneztebarra Ederki Tailerrak eskuderiarekin aritzen da kategoria nagusian eta mila zaldiko potentzia gainditzen duen MAN kamioia gidatzen du. Nolabait errateko, kamioien Formula Bata izanen litzateke eta Mariezkurrenak hirugarren postua eskuratu du Espainiako txapelketan eta hamazazpigarrena Europako txapelketan. Honek, Ederki Tailerra, Europako eskuderia pribatu onenen artean jarri du eta taldeak, prentsa espezializatuaren eta bertze taldeen loreak jaso ditu.

Urriko lehen asteburuan akitu zen denboraldia Mariezkurrena gidari duen taldearentzat. Doneztebeko pilotoarekin batera, hamabi lagun ari dira lanean, guziak Malerreka, Bortziriak eta Goizueta aldekoak. Madrilgo Jarama zirkuituan bi proba jokatu ziren eta bietan podiumera igo zen Mariezkurrena. Albaceten ere podiumera igo zela kontuan hartuz, denboraldi ederra osatu du Doneztebeko kamioi gidariak. Urriaren 6an zenbait arazo izan zituen Mariezkurrenak kanbio-kajarekin, baina halere 33 kamioien artean hamabigarrena izan zen, eta estatuko gidarien artean hirugarren. Urriaren 7an berriz ere podiumera igo zen eta Europako txapelketarako bederatzigarren eta hamargarren postuak lortu zituen. Guzira 13 puntu pilatu ditu Mariezkurrenak eta honela, ofizialki, hirugarren postua lortu du Espainiako txapelketan.

MAN motor hobea heldu den denboraldirako

Denboraldi honetan, Lesakako Transportes Bidasoa enpresaren babesa izan du Mariezkurrenak eta honen ekarpena handia izan da. Halere, badirudi onena etortzeko dagoela. Izan ere, Doneztebekoak egin duen denboraldi bikaina ikusita, MAN markak motor berri bat eskaini dio Ederki tailerrari, gaur egungo Europako txapeldunak, Antonio Albacetek erabiltzen duen berbera.

Motor berriarekin, baina oraingo taldearekin eta eskuderia pribatua izateak berez dakarren mugekin, hurrengo denboraldia ere arrakastatsua izanen dela espero dute Mariezkurrena eta bere lan taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun