Txapeldunen Ligako Finala jokatuko da larunbatean Altsasun

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 19a

Donato Larretxea Nazabali aurre egiten saiatuko da

Egur Sport enpresak antolatzen duen Aizkolari Txapeldunen Ligako Finala jokatuko da larunbat honetan Altsasuko Burunda pilotalekuan arratsaldeko 6etan. Lau aizkolari nor baino nor arituko dira: Floren Nazabal, Donato Larretxea, Angel Arrospide eta Xabier Orbegozo Arria V.a.

Egun berean jasoko du Nazabalek ligako lehen postua eskuratzeagatik txapela, ligako sei jardunaldietan 18 puntu eskuratu ondotik. Bera da, aldi berean, Finala irabazteko faborito nagusia ere. Aranztarra bigarren sailkatu da, sei jardunaldietan 16 puntu eskuratuta; Arrospidek 14 puntu lortu ditu eta Finalerako azken sailkatuak, Arria V.ak, 8 puntu.

Aitzineko jardunaldietan bezala, bost lan egin beharko dituzte aizkolariek. 45 ontzako enborrak ebakiko dituzte lehen hiru probetan. Lehenbizikoan, emandako kolpeak zenbatuko dira; bigarrenean, denbora neurtuko da, eta hirugarrenean zutikakoa eta etzandakoa moztu beharko dituzte, erlojupean. Laugarren lanean, berriz, tamaina haundiagoko enborrarekin arituko dira, 60 ontzakoa erdibitu beharko baitute. Azken ahalegina izango da jardunaldiko probarik luzeena: bi kanaerdi eta bi 60 ontzako ebaki beharko dituzte.

Otaegik desafioa Jon Rekondori

Bertze aldetik, Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketa irabazi ondotik, aposturako deia egin dio Joseba Otaegi zizurkildarrak Jon Rekondo leitzarrari. Desafioa onartuz gero, hamar kanaerdiko eta lau 60 ontzako erdibituko beharko lituzkete. Gisa berean, apostuari buruz solasteko hitzordua ere paratu du Otaegik, heldu den ortziralean, urriaren 26an Tolosako Kantabriko tabernan egonen da Otaegi, arratsaldeko 7:30etik aitzinera. Jokatzekotan, apostua Tolosako Plazan eginen litzateke otsail aldera eta egurrak Otaegik eramanen lituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun