Nafarroa Oinezen lanean aritzeko laguntzaileak eskatu dituzte

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 18a

Igandean ospatuko da Nafarroako ikastolen besta Vianan

Igande honetan, urriaren 21ean, ospatuko da Nafarroa Oinez Vianan, “Giltza daukagu” izenburupean. Bianako Erentzun ikastolak dei berezia egin du Nafarroa Oinezen laguntzeko, izan ere, ikastola ttikia izanik, guraso eta laguntzaile gutti daukate eta euskaltzale guzien laguntza behar dute.

Honela, txandak osatu nahi dituzte arratsaldez txoznetan eta salmentan eta egun osoan zainketa eta informazio lanean. Txoznetan, jakina, bokatak egin eta saldu eta edariak saltzen aritu beharko da; salmentan, berriz, Nafarroa Oinezen arropa eta Pedro Luis Kontserbak saldu behar dira. Zainketa eta informazioan, areako ordena zaindu, areari buruzko informazioa eman, gauzak bildu, galdutako haurrak informazio gunera eraman, izan daitezken zaurituak DYAko anbulantziara eraman, betetako zabor poltsak aldatu edo hautsitako zinta berriz ere paratzea izan daitezke egin beharreko lanak. Dena den, lan arina izan daiteke eta beti ere, ostatuan trago bat edo bokadilloa hartzeko astia ematen du.

Modu berean, kontzertu handienetan, jendea eta eszenalekua bereizteko langileak ere behar dira. Lan hauetan laguntzeko interesa dutenek izena eta sakeleko telefonoaren zenbakia eman behar dute oinez07@gmail.com helbidean edo telefono hauetara deitu: 948 446265 / 688609913 edo 948 646617.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun