Igande honetan, urriak 21, Usategietako Igandea ospatuko da Etxalarren, eta besta horren aitzakian, hainbat ekitaldi antolatu dira aste honbar osorako. Larunbatean haur eta gazteei zuzendutako ekitaldiak izanen dira: arratsaldeko 5etan magia ikuskizuna izanen da Kultur Etxean. Txoborro eta Oskar Martinezek euskarazko magia familiarra eta bisuala eskainiko dute. Arratsaldeko 6:30ean Etxalarko hirugarren Patata Tortilla Txapelketa eginen da frontoian. Adin guztietako jendeari zuzendua dago eta parte hartzaileek tortillak egiteko beharrezko osagaiak eraman beharko dituzte; kanpin gasa eta sukaldatzeko tresnak. Bai partaideek, bai ikusleek sagardoa izanen dute txotx egiteko. Ondotik, egin diren patata tortilla guztiak probatzeko aukera izanen da. Arratsaldeko 7:30ean nesken txaranga arituko da karrikak alaitzen eta, afalondotik, kontzertuak izanen dira Herriko Ostatuan Egurre taldearekin eta bertze talde gonbidatu batekin.
Usategietako Igandeari dagokionez, erran behar da denbora batean hagitz besta handia zena, modu apagalagoan bada ere, oraindik nahiko indartsu mantentzen da. Aurtengoan ere jende parrasta biltzea espero da Iharmendiko gainetan goizean goizetik.
Herrira bueltan, arratsaldeko 5etan haurrentzako jolasak izanen dira Txatxilipurdi Aisialdi Taldearen eskutik; hondarrezko eskulanak, munduko jolasak eta muralgintza. 7:30ean Dantzaldia izanen da Joselu Anayak taldearekin. Ilunabarreko 8etan Altxata Kultur Elkarteak antolatzen duen Usategietako Igandeko zozketa eginen da. Arratsalde osoan, urtero bezala, Altxatak paratzen duen ostatuan taloak eta bokatak jateko aukera izanen da.