Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) eta IKTk antolatuta eta Itsasmendikoiren, Urdiñarbeko Departamentuko Artzaintza Zentroaren eta Udalbideren laguntzarekin, ortzegun eta ortziralean, tokiko ardi-arrazekin lan egiten duten eragileek Euskal Herriko lehen mintegia egiten ari dira Saran.
Hiru helburu nagusi ditu lehen aldiz antolatu duten mintegi horrek. Lehenik eta behin ardi sailean diharduten eragileen arteko harremana bultzatzea eta lurralde bakoitzeko antolaketa eta funtzionamendua ezagutzea. Bigarrenik, eztabaida-gune bat sortzea lurralde bakoitzak dituen kezkak eta etorkizunerako perspektibak azaltzeko. Eta azkenik, artzaintza esparruaren egoera aztertu eta geroari aurre egiteko hausnarketa eta hastapeneko norabide komunak finkatzea. Ardatz horietan oinarrituta, lan taldea edo foro iraunkor bat eratzea ere bada jardunaldion asmoa. Honela, mintegian sor daitezkeen egitasmoei eta harremanei segida ematea ahalbidetuko litzateke. Lurralde guztietan nabaria den kezka da artzaintzaren jardunari eustea eta garatzea. Aktibitate horrek etorkizuna izanen badu, belaunaldi berriak aritzea ezinbertzekoa da da eta, horretarako, artzaintza erakargarria eginen duen baldintzak sortzea eta esparru hori berrantolatzea erronka nagusia dela uste dute antolatzaileek.
Honela, egitarau aberatsa prestatu dute. Gaur, Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta Euskal Erkidego Autonomikoko artzaintzarren berezitasunak ezagutzeko parada izanen da. Arratsalde partean, hobekuntza genetikoaz, ekoizpenen merkaturatzeaz, kudeaketaz edota lurralde antolaketaz tailerrak egingo dituzte. Ortziralean, berriz, lantegietako ebazpenak aurkeztu ondotik, eztabaida orokorrari ekinen diote, tokiko ardi-arrazetan oinarritutako artzaintzaren etorkizuna bermatzeko asmoz, lurralde guztien elkarlanerako ildo orokorrak finkatzeko.