Bidasoaldean turismoarekin lotuak dauden hiru proiektu inauguratu zituen asteazkenean, urriaren 17an, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramon Corpasek. Turismoko zuzendari nagusiak, Carlos Ercek, lagun egin zion kontseilariari, Urrotz, Etxalar eta Lesakan barna egindako bisitaldian. Alde batetik, Leurtzako urtegi inguruan egindako moldaketa lanak bisitatu zituzten, Ignacio Urroz, Urrozko alkatearekin batera; bertzetik, Lesakan, Agiñako estazio megalitikoa bisitatu zuten, Deñe Abuin kultur zinegotziaren laguntzarekin eta Etxalarren, Usategietako bidaxka tematikoak inauguratu zituzten, Patxiku Irisarri alkatea lagun zutela. Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko inbertsioa egin du aipatutako proiektuetan.
Leurtzako urtegian ezinduei erraztasunak
Leurtzako urtegian, ezinduak natur ingurura sarbide errazagoa izateko egin da lana. Horretarako, beheitiko urtegira doan bidea moldatu da, zola hobetu, baranda jarri eta bidaxka konpondu. Lan hauetarako Urrozko Udalak 25.048 euroko dirulaguntza hartu du, Nafarroako Mendialdeko Turismo Dinamizazio Planaren barrenean, 39.000 euroko aurrekontuaren %64,22a.
Lesakako Agiña inguruan ibilbideak
Lesakako Agiñako estazio megalitikoan hainbat eraikinek iraun dute mendez mende. Neolitikoan, duela 4.500 urte inguru, trikuharriak eta tumuloak eraiki zituzten gure arbasoek eta duela 2.600 urte harrespilak altxatu zituzten, borobilean ezarritako menhir edo iruinarriak, alegia, hildakoen errautsak uzteko. Erromatarren inbasioak baino lehen, Agiñako kaxkoan harresi bat ezarri zen, egurrezko etxebizitzak eta burdina egiteko erabiltzen zituzten lekuak babesteko. Bidasoaldean topatu den indouropearren aztarna bakarra da Agiñakoa. Inguru horretan, mendi bizikletaz edo oinez egiteko zenbait bidaxka moldatu dira. Ibilbide bat zirkularra da eta Lesaka, Bidasoako trenbidea eta Agiñako historiaurreko estazioa lotzen ditu. Burdina da ibilbide honen gai nagusia. Bigarren bidaxka Agiña inguruan dago eta historiaurreko aztarnak ikusteko egokia da. Pagolleta eta Burnaizti artean, ibilbidea Iruña eta Bordele lotzen zituen erromatarren bidearekin gurutzatzen da lau aldiz. Azkenik, hirugarren ibilbidea laua da eta kirola egiteko ohiturarik ez duenarentzat egokia, kilometro terdi ingurukoa. Halere, historiaurreko aztarnak eta Aranzadi Zientzia elkartearen eskariz, Vallet eta Oteizak Aita Donostiari egindako eskultura eta arkitektura lanak aurki daitezke. Proiektu hau gauzatzeko, 44.958 euroko dirulaguntza jaso du Lesakako Udalak, 70.000 euroko aurrekontuaren %64,22a.
Zentinela eta Usategietako Bidaxkak Etxalarren
Etxalarko eskaintza turistikoa sendotzeko, azkenik, bi bidaxka tematiko tematiko eta kultural egokitu dira, Zentinelako bidaxka arkeologikoa eta Usategien bidaxka. Lehenbizikoa, Zentinela inguruan dago, iratze eta belagi artean eta oinez, bizikletaz nahiz zaldiz egin daiteke. Lakain auzotik eta Zugarramurdira doan bidetik sartzen ahal da marra txuri eta urdinez seinalizatua dagoen bidaxkara. Usategietako Ibilbideak marka txuri eta gorriak ditu, GR-11rekin bat egiten baitu. Lizarietako kaxkon eta Usategieta jatetxe ondoko aparkalekutik hasi daiteke eta usategien instalazioak ikusten ahal dira. Dena den, ehiza garaianm, urria eta azaroan, ibilbidearen erabilera mugatuko da. Proiektu hau egiteko 30.385 euroko laguntza jaso du Etxalarko Udalak, 47.309 euroko aurrekontuaren %64,22a.