Bertizko Partzuergo Turistikoak eta Aizkolegi taldeak antolatuta, Bidasoa erreka garbitzeko eguna izanen da larunbata, urriaren 20a. Ekimen hau, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak, CRAN Fundazioak, bultzatzen duten “Ingurune-boluntariotza ekintzak Bidasoa arroan” izeneko proiektuaren barnean kokatua dago eta Baztan, Doneztebe, Elgorriaga eta Sunbillako udalen laguntza jaso du.
Bidasoa errekaren garbiketa jardunaldirako, eskualdeko herriotan lan taldeak antolatzen dira.Talde bakoitzak arduradun bat edo bi izanen ditu, eta hauek ekintzari buruzko solasalditxo bat emanen diete partehartzaileei. Solasaldian, errekan zer hondakin mota aurkitu daitezken, kolore desberdinetako poltsetan zein zabor sartu behar diren, istripurik ez gertatzeko hartu beharreko arreta eta azkenik errekatik zaborrontzi desberdinetara eginen den bilketa selektiboaren berri emanen dute. Bertako bizilagunei zudendutako proiektua denez, antolatzaileek dei berezia egin dute bertako erakundeek, Guraso Elkarteek eta orokorrean, elkarte eta eragile ezberdinek parte har dezaten, “Bidasoa guztion gauza da” leloarekin bat eginez.
Aipatu bezala, urriaren 20an goizeko 10etan elkartuko dira boluntarioak Donezteben eskola atarian, Elgorriagan herriko plazan, Elizondon Foru Plazan, Oronozen elizako atarian eta Sunbillan, Itturburu ostatuan. Izen emateko edo informazio gehiago jasotzeko, Bertizko Partzuergora deitu behar da, 948 592323 telefonora.