Maiatzeko lehen asteko uholdeen ondorioz sortutako azpiegitura kalteak moldatzeko dirulaguntza jasoko dute Ezkurra, Eratsun eta Saldiasko udalek. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioak emandako dirulaguntzak gastuak bere osotasunean ordainduko ditu. Zehazki, Ezkurrako Udalak 15.371 euroko dirulaguntza hartuko du, Olaldetik Oletara doaien bidea eta Baztanea etxearen ondoko pareta moldatzeko. Eratsungo Udalak 19.661 euroko subentzioa hartuko du, Iruñarriko errepikagailua eta bidea moldatzeko, alde batetik, eta Asurako bidea konpontzeko, bertzetik. Saldiasko Udalak 13.956 euroko laguntza hartuko du, Urrutiña eta errotako bideak moldatzeko.
Jakina denez, Nafarroako Gobernuak, 5.136.000 euroko ez ohiko kreditua onartu zuen, Nafarroako mendialdean uholdeak kaltetutako herriak laguntzeko. Zerrenda horretan daude Baztan, Zubieta, Beintza-Labaien, Eratsun, Saldias, Ezkurra, Zugarramurdi, Urdazubi, Etxalar eta Bertizarana. Ondotik, Toki administrazioko teknikariek herri hauetako azpiegituretan izandako kalteak neurtu eta baloratu zituzten eta horren ondorioz dator orain Eratsun, Ezkurra eta Saldiasko udalentzako dirulaguntza.