Gartzarongo pilota txapelketko finalerdia jokatu zuten eskualdeko bi bikotek

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 16a

Finalak heldu den larunbatean jokatuko dira

Gartzarongo pilota txapelketako finalerdiak jokatu ziren joan den larunbatean. Gazte eta helduen mailako irudiotan ikus daitekenez, eskualdeko ordezkariak izan genituen. Gazte mailan, Txarutako Garikoitz Juanenea saldiastarrak eta Mikel Mindegia arraioztarrak 18 eta 22 galdu zuten Añorgako Eskudero eta Sagasetaren kontra. Aitzineko koadroetan nahiko lehia borrokatua eskaini zuten Juanenea eta Eskuderok eta beharbada, partida gibelean hautsi zela erraten ahal da. Mindegiak eraman beharreko pilota batzuk eraman gabe utzi zituen eta Sagaseta, aldiz, seguru aritu zen, pilota astinduz eta akatsik egin gabe. Hortaz, finaleko atarian gelditu da Txarutako bikotea.

Helduen kategorian suerte gehiago izan zuten Txarutako Igor Arregi donamariarrak eta Gaizka Otxandorena almandoztarrak. Hasiera batean beraien ziren faborito, baina uste baino gehiago sufritu behar izan zuten Zizurko Ibai Iriarte eta Igoako Ibai Aranoren kontra. Emozio handiko partida izan zen eta azkenean Txarutako bikotea nagusitu zen doi-doi, 22 eta 21. Partida hagitz parekatua joan zen, baina gehienetan aotzinetik izan ziren Arregi eta Otxandorena. Partida hondar aldera eskua hondatu zitzaion Ibai Aranori eta eskuinarekin eraman egiten zuen bakarrik, pilota astindu gabe. Kontuak kontu, Igor Arregi eta Gaizka Otxandorena heldu den larunbatean, arratsaldeko 4:30etik aitzinera jokatuko diren finaletan izanen dira, helduen kategorian. Ez dira eskualdeko ordezkari bakarrak izanen. Kimu mailan, errate baterako, Txarutako Ugaitz Elizalde eta Arkaitz Untxalo iturendarrak, Lesakako Unai Zamorano eta Berako Beñat Mitxelenaren kontra jokatuko dute finalean. Beraz, Gartzarontik txapelen bat etorriko da eskualdera seguru.

Errekako pilotariak ere lanean

Pilota kontuekin segituz, Errekako pilotariek ere jokatu dituzte partidak joan den asteburuan. Guillermo Mazo Memorialean, gazte mailako lau terdiko txapelketan, Errekako Ugutz Zelaieta oiztarrak 18 eta 12 irabazi zion Txarutako Oier Bereauri. Lizarrako lau terdiko txapelketan, ez zuten suerterik izan Errekako ordezkariek Remontival pilotalekuan. 22 urtez beheitiko kategorian, Joseba Madariaga aranztarrak 11 eta 18 galdu zuen Altsasuko Mendiluzeren kontra eta Errekako Unai Urrutiak 12 eta 18 galdu zuen Goikoetxea gipuzkoarraren kontra. Burlatako eskuz binakako txapelketan, benjamin mailan, Berako Gure Txokoako Iñigo Martinez eta Ander Errandoneak 18 eta 4 irabazi zieten Errekako Imanol de Rueda eta Mikel Retegiri eta Errekako Ion Belarrak eta Julen Retegik 5 eta 18 galdu zuten Alkizako Iturbe eta Peñaren kontra. Nafarroako Klub arteko buruz buruko txapelketan, 22 urtez beheitiko kategorian, Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak 6 eta 18 galdu zuen Labriten Huarteko Linzoainen kontra. Huarteko lau terdiko txapelketan, berriz, Errekako Iñaki Etxegarai beratarrak 12 eta 22 galdu zuen Ekaitzako Beñat Mitxelenari.

Heldu den asteburuari begira, Errotxapeako eskuz binakako txapelketako finalerdia jokatuko dute senior bigarren mailan Errekako Imanol Mitxelena eta Alain Ezkurrak Paz Zigandako Telletxea eta Berrogiren kontra, ortziral arratsaldeko 6:30etan. Ondotik, kategoria berean, Errekako Iñaki Iribarren eta Unai Urrutiak Larraungo Armendariz eta Galartzaren kontra jokatuko dute bertze finalerdia. Huarteko lau terdiko txapelketan, berriz, asteazken arratsaldeko 6:30etan jokatuko du Errekako Joseba Madariagak Arrizabalaga gipuzkoarraren kontra eta ondotik, Errekako Markel Etxebeste arituko da Atxotegi gipuzkoarraren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun