Baztan-Errekako gaztetxoen laxoa txapelketako finala larunbatean jokatuko da Donezteben

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 16a

Doneztebe C eta Oitz izanen dira aurrez aurre 11:30ean Bear-Zanan

Larunbat honetan, urriaren 20an, jokatuko dira Baztan-Errekako gaztetxoen mailako laxoa txapelketako azken partidak Doneztebeko Bear-Zana pilotalekuan. Zehazki, goizeko 10etan, hirugarren posturako lehia izanen dute Doneztebe A eta Doneztebe B taldeek. 11:30etan berroz, final handia jokatuk dute Oitz eta Doneztebe Ck.

Hain zuzen, lau talde hauek jokatu dute aurten gaztetxoen txapelketa. Ligaxkan Doneztebe C nagusitu da, partida guziak irabaziz eta 6 puntu eskuratuz. Oitzek 4 puntu eskuratu ditu, Doneztebe A eta Bren kontrako partidak irabazi eta Doneztebe Cren kontrakoak galduta. Doneztebe A eta Doneztebe Bk puntu bana eskuratu dute: elkarren arteko partida bana irabazi dute eta Doneztebe C eta Oitzen kontrakoak galdu.

Honela, larunbateko finalerako Doneztebe C izanen da faborito. Talde honetan Aurelio Bertiz, Joseba Grazenea, Unai Sapuppo eta Josu Inda ari dira. Halere, Oitzeko Lander Mindegia, Laurendi Zelaieta, Jon Jaen eta Andoni Saldias ezustekoa ematen saiatuko dira. Ikusi beharko zer gertatzen den!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun