Bisitarientzako eta eskualdeko jendearentzako sukaldaritza ikastaroa antolatu du Bertizko Partzuergo Turistikoak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 16a

Ekimena Sunbillako Udala eta Ulibeltza elkartearekin eta Donamariako Benta jatetxearekin batera prestatu du

Negu garaian, eguraldi kaskarragoarekin, turistei aukera berriak eskaintzeko asmoz, sukaldaritza ikastaroa antolatu dute Bertizko Partzuergo Turistikoak, Sunbillako Udalak eta Ulibeltza elkarteak eta Donamariako Benta jatetxeak. Ekimenaren helburua hemengo jendearekin hartu-emanean, turistei gure gastronomiaren produktuak ezagutarazi eta dastatzeko aukera ematea izanen da.

Donamariako Bentako Haizea Luzuriaga eta Lourdes Montoia irakasle

Horretarako, Donamariako Bentako sukaldaria eta Ttipi-ttapako Eltze beroa saioko kolaboratzailea den Haizea Luzuriaga eta Lourdes Montoia bere lankidea irakasle lanetan ariko dira, Sunbillako Ulibeltza elkartean. Ikastaroak ortzegun honetan, hilak 18, hasiko dira, eta astero ortzegunetan izanen dira, arratsaldeko 5:30etik 7:30etara. Azken eskola abenduaren 20an izanen da.

Ikastaroa, ordea, ez da turistei begira bakarrik antolatua. Interesa duen eskualdeko edozeinek parte hartu dezake, eta Bertizko Partzuergo Turistikoan izena emanez gero, zortzi eguneko ikastaroan parte hartuko du. Turistek, berriz, egun bateko ikastaroan edo tarteka parte hartzeko aukera izanen dute. Bertizko Partzuergo Turistikoan izena eman beharko dute ikastaro eguna baino lehen.

Ikasleek hemengo sukaldaritzaren berezitasunak ezagutzeaz gain, prestatutako sarrera, krema, saltsa eta postre goxoak dastatuko dituzte. Antolatzaileek “sukaldaritza originala eta praktikoa” izanen dela iragarri dute, “egungo bizitzara egokitua”.

Argibide gehiago 948 592323 telefonoan edo bertiz@consorciobertiz.org helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun