N-121A errepidean, Endarlatsa eta Irun artean berriz ere mozketak izanen dira urriaren 17an, asteazkenean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Bidea moldatzeko lanetarako leherketak eginen dira ordutegi horretan. Leherketa egiten denean bidea moztu eginen da hamar-hamabortz minutuz eta gero, txandaka emanen da pasabidea.
Bertze aldetik, gogoratu behar da Berako hiru karrilen eta Villanuevako bihurgunearen artean errepidea karril bakarrera estutua dagoela eta bidea txandaka ematen dela goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Inguru horretan mendiari zati bat kentzen ari dira, etorkizunean hiru karrileko errepidea egin ahal izateko.
Kamioia matxuratua asteartean
Urriaren 16an, astearte goizeko 8:36ak aldera, habe haundi bat zeraman kamioi batek matxura izan du Endarlatsa zubitik hogei metrora, 70,680 kilometro inguruan. Karga mugitu eta kamioiaren kabina hondatua gelditu da. Zauriturik ez da izan istripu honetan, baina Gipuzkoa aldera zoaien kamioia karrila oztopatuz gelditu da errepidean. Foruzainek txandaka bidea eman dute eta informazio paneletan A-15 autobidea erabiltzeko aholkua eman dute. 11:30ak aldera, kamioia kendu eta normaltasuna bueltatu da N-121A errepidera.