Floren Nazabal zen atzo Euskal Herriko txapela janzteko faborito nagusia, eta Etxarrikoak ez zuen arazorik izan Donezteben aurreikuspen guztiak bete eta hirugarren aldiz txapela buru gainean jartzeko. Lehen enborretik bukaerara, nagusi izan baitzen joan den igandean Nafarroako txapela jantzi zuen aizkolaria. Jendeak ez zuen hutsik egin, eta Doneztebeko pilotalekua jendez gainezka zegoen atzokoan ere. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Dirua, Nazabalen alde atera zen. Betiko moduan, aizkolariak bizi ekin zioten atzoko norgehiagokari, denek aurre hartu nahi izaten dute, eta inork ez du gibelera gelditzerik nahi izaten. Lehen enborretik erakutsi zuen, ordea, Nazabalek bera zela onena. Hala ere, lehenbiziko egurretan Olasagasti ere parean izan zuen, bai eta Lopez eta Otaño ere.
Pixkanaka, ordea, Etxarrikoa aldea ateratzen hasi zen. Erritmo bizia jarri zuen, eta berari ezin zion inork segitu. Olasagasti ere gibelera gelditzen hasi zen, eta Lopezek eta Otañok ere aurre hartu zioten Igeldokoari. Hori gutti balitz, Igeldokoari adar handia atera zitzaion oinbiko enbor batean, eta hantxe gelditu ziren podiumera igotzeko aukerak. Nazabalek, berriz, ahalik eta azkarren utzi nahi zuen dena erabakita, eta halaxe egin zuen. Lan erdiak hamazazpi minutu pasatxoan egin zituen, eta ordurako gainerakoei alde nabarmena kendu zien. Iaz gertatu zen moduan, aurten ere hagitz abudo, abudoegi gelditu zen erabakita, emozio gutxi izan baitzuen finalak. Orduan, bigarren posturako gelditzen zen emozioa. Otaño eta Lopez parean zebiltzan, eta Ibarrakoari adarra atera zitzaionean, Lopezek estutu bazuen ere, Otañok 60 ontzakoetan ihes egin zuen, eta hori ere erabakita gelditu zen. Laugarren postuan zebilen Olasagasti, eta hantxe akautu zuen. Txapartegi eta Peñagarikano ere beti izan ziren bosgarren eta seigarren postuetan, hasi eta akitu bitarte.
Nazabalek 39 minutu eta 12 segundu behar izan zituen txapela janzteko; Otañok 41 minutu eta 20 segundu behar izan zituen, Lopezek 42 minutu eta 9 segundu eta dexente denbora gehiago behar izan zuten Olasagastik, 48 minutu eta 7 segundu; Txapartegik, 53 minutu eta 24 segundu eta Peñagarikanok, 54 minutu eta 48 segundu.
Nazabalek 1.474 aizkorakada
Bitxikeri gisara, lanak egiteko golpe guttien behar izan zituena ere Nazabal izan zen, 1.474 aizkorakada aski izan baitzituen lanak burutzeko; Otañok 1.707 aizkorakada behar izan zituen, Lopezek 1654, Olasagastik 1687, Txapartegik 1906 eta Peñagarikanok 1726.