Floren Nazabal zen urriaren 7an Nafarroako lehen mailako txapela irabazteko faborito nagusia. Gaur egun sasoi hoberenean dagoen aizkolaria izateaz gain, kontra egiten ahal zion bakarra, Donato Larretxea, Alemanian zen, Munduko Stihl Timbersport txapelketa jokatzen. Honela, Etxarrikoak ez zuen hutsik egin eta aisa lortu zuen txapela, hasieratik bukaerara nagusi izan baitzen. Azkenean, ordu erdi baino gehixeago (30’25”) behar izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbikoak mozteko.
Bigarren postuan ezustekoa eman zuen Lezaungo Juan Jose Lopezek eta txapeldunak baino poz handiagoa ere hartu zuen (32’04”). Hirugarren postua Mikel Mindegiak lortu zuen (33’09”). Ezkurrakoa ez zegoen kontent, bigarren postua bederen eskuratzea espero zuelako, baina lehen enborrean ateratako adarrak denbora eta animoak galarazi zizkion. Gainera, kontuan hartu behar da lesio batetik atera berria dela Mindegia eta oraindik ez dagoela sasoi betean. Laugarren postua Barberenarentzat izan zen (37’13”) eta bosgarrena Senosiain izan zen (40’31”).
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!