Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek bigarren aldiz segidan irabazi dute Nafarroako emakumeen arpana txapelketa. Irailaren 29an Igantzin jokatu zen finala eta Etxalarko bikoteak 8 minutu eta 48 segundu behar izan zituen 45 ontzako enborrari 10 korte emateko. Itziar Nuñez eta Ana Lopez bigarren izan ziren 9 segundura eta Maitane Txueka eta Susana Agerre hirugarren, 18 segundura.
Herriz herri txapelketa
Herriz herri txapelketako azken saioa ere Igantzin jokatu zen San Migel egunean. Lehen konbinadako finalean Berriozar nagusitu zen (19’27”), Igantzi izan zen bigarren (21’07”) eta Garralda hirugarren (21’49”). Laugarren posturako lehian, Basaburuak Gure Txokoak baino lehen akautu zituen lanak, baina baztandarrek legezkoa ez den aldaketa egin zutenez, azkenean beratarrak izan ziren laugarren.
Igantziko taldean Mikel Antxordoki aritu zen koxkor biltzen, Iñaki Bereau eta Karlos Sein zakuekin, Xabier Ariztegi aizkoran, Patxi Irazoki korrika eta Julen Txoperena eta Iñaki Portu arpanan.
Berako taldean Iñaki Irazoki aritu zen koxkor biltzen, Patxi Pikabea eta Mikel Larretxea zakuekin, Ander Erasun aizkoran, Iñigo Lasaga korrika eta Mikel Aranibar eta Iban Zubieta arpanan.
Baztango taldean, Gabon Gamio aritu zen koxkor biltzen, Beñat eta Cesareo Gartxitorena zakuekin, Garikoitz Larretxea aizkoran, Mikel Igoa lasterka eta Jose Ignacio Iribarren eta Unai Apeztegia arpanan.
Bigarren konbinadan liga sistema erabili da. Igantziko probako sailkapena eta sailkapen orokorra berdin gelditu ziren: Igantzi garaile, Gure Txokoa bigarren, Garralda hirugarren, Berriozar laugarren eta Basaburua bosgarren Igantzirekin Xabier Ariztegi aritu zen harri altxatzen, Oskar Telletxea txingekin eta Xabier Sein ingudearekin.
Berako taldean, Jabier Galarregi izan zen harrijasotzailea, Joseba Petrirena ibili zen txingekin eta Igor Lasaga ingude altxatzen.
Basaburua taldean, Asier Maritorena aritu zen harri altxatzen eta txingekin eta Xabier Maritorena, ingudearekin.