Euskal Kantuzaleen Elkartearen ekimenez, laster hasiko da Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa. Zehazki azaroaren 3an abiatuko da eta Elizondoko Lur dantzalekuan izanen da hori. Horretarako, dagoeneko irekia dago izena emateko epea. Urriaren 26a bitarte 948 141812 telefono zenbakian, nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan eman beharko da izena. Horrez gain, Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ere ematen ahal izanen da izena, gure inguruan, Xorroxin Irratian edo Leitzako Karrape Irratian.
Aipatu bezala, Lur aretoan irekiko ditu ateak txapelketak, azaroaren 3an, 18:00etan. Bigarren saioa, berriz, Burlatako Kultur Etxean eginen da, azaroaren 9an, ortzirala, 19:00etan.
15 urtetik goitiko edozeinek har dezake parte txapelketan, kantari amateurrak beti ere, eta ez salgai dauden grabaketak ekoiztu dituztenak. Bakarka, bikotean edo 3 eta 10 lagun arteko taldeetan parte hartu daiteke.
Partehartzaileen mailaren gorakada dela eta, partehartzaile berriei beraien meritua gogorarazteko, aurten ere parte hartzen duten kantariek Berrien Maila osatuko dute, eta sari berezia izanen dute. Taldeen parte-hartzeari ere bulkada berezia eman nahi dio Kantuzale Elkarteak, Euskal Kantua bizitzeko eta ulertzeko dagoen modurik ederrenetakoa iruditzen zaiolako.
Kategoria eta modalitate bakoitzeko lehendabiziko bientzat izanen dira sariak. Sari bereziak ere izanen dira, hala nola, sormena saritzeko, partaide berriari emanen den bertze bat eta gisakoak.