Irailaren 30ean jokatu zen Galdakaon Espainiako Mendi Bizikleta Openeko azken proba eta Xabier Telletxea igantziarra hirugarren izan zen. Halere, aitzinetik abantaila koxkorra zuela eta sailkapen orokorrean bigarren izan dena azken proban seigarren izan zela kontuan hartuz, nahiko garaipen erraza izan zen Telletxearentzat. Uztailean bertze garaipen bat lortu zuen, Espainiako mendi bizikleta jautsiera irabazita. Espainiako Opena, berriz, bigarren aldiz irabazi du, duela bi urte ere bera izan baitzen garaile. Azaroan Katalunian, Open Guak lehiaketarako baliagarria den bertze proba batean parte hartuko du. Honetan ere lehen postuan dago eta irabaziz gero, urte ezinhobea borobilduko luke.
Egun berean, Mitxel Aginaga narbartearrak 10. aldiz irabazi zuen Ororbian Nafarroako Mendi Duatloi txapelketa. Beharbada orain arteko garaipenik zailena izan zen Aginagarentzat, beti ondoan izan baitzen Juan Carlos Nieva. Azkenean, Aginagak 1:06:36ean amaitu zuen proba. Garaipen honen ondotik hilabeteko atsedenaldia hartuko du narbartearrak.