Uholdeek sortutako kalteak ordaintzeko dirulaguntza osoa kobratzeko asmoa du Etxalarko Udalak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 14a

Patxiku Irisarri alkateak EAk egindako salaketei erantzun die

Patxiku Irisarri, Etxalarko alkateak erantzun nahi izan die joan den astean Eusko Alkartasunak prentsaurrean egindako salaketei. Uholdeen balorazioan, Nafarroako Gobernuko eta udal teknikarien artean alde handia zegoela erran zuen EAk eta horren inguruan aritu da Irisarri. EAren salaketaren arabera, alkatea ez zen Nafarroako Gobernuko teknikariekin izan eta horren harira, egun horietan zer egin zuen azaldu du Patxiku Irisarrik. “Nafarroako Gobernuko teknikariak etorri zirenean udal langileekin egin zituzten balorazioak eta bitartean, herriko alkatea udal teknikariekin ari zen uholdeak eragindako kalteak aztertzen”.

Etxalarko alkatearen ustez, Nafarroako Gobernuak presaka onartu zituen laguntzak hauteskude garaia zelako. Dena den, Etxalar ez da Nafarroan kobratu gabe dagoen herri bakarra, kasu beretsuan baitago Baztan ere.

Arantxa Zubieta EAko zinegotziak balorazioan dagoen diferentzia nork ordaindu behar ote duen galdetu zuen joan den astean eta Patxiku Irisarrik garbi dauka Etxalarko herriak bederen ez duela eginen eta Nafarroako Gobernuak dena ordaintzeko behar diren neurriak hartuko dituztela. “Gu laguntzaren %100 kobratu nahi dugu, berdin zaigu zein departametutik etortzen den dirua. EAk aipatu zuen galdera parlamentarioa egin dutela. Gure kasuan, dirulaguntza osoa hartzen ez badugu, presta gaude helegite bat aurkeztera Nafarroako Gobernuan”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun