Solaslaguna egitasmoa Bortzirietatik Baztan eta Malerrekara ere hedatuko da

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

Urko Ikardo eta Raul Lopez, Bortziriak eta Baztango euskara teknikariak, Xabi Torres solaslaguna, Oianko Garde Bai Euskarari kanpainako teknikaria Baztanen eta Beñardo Goietxe Bortzirietako euskaltegi

Ikasten ari direnek euren euskara maila hobetu eta hizkuntza biziaz jabetzeko aukera izanen dute.

Bortzirietako, Baztango eta Malerrekako Euskara Mankomunitateek eta Euskaltegiak egitasmo berri bat dute esku artean. Solaslaguna izeneko egitasmo honekin, martxotik aitzinera euskaraz solasteko taldeak sortu eta abian jartzea da helburua. Asteazken eguerdian egin zuten aurkezpen ekitaldia Berako liburutegian. Urko Ikardo Bortzirietako euskara teknikaria, Raul Lopez Baztango Euskara teknikaria, Xabo Torres solaslaguna, Oianko Garde Bai Euskarari kanpainako teknikaria Baztanen eta Beñardo Goietxe, Bortzirietako euskaltegiko irakaslea izan ziren.

Solaslaguna egitasmoarekin, ikasten ari direnek euren euskara maila hobetu eta hizkuntza biziaz jabetzeko aukera izanen dute. Urko Ikardo, Bortzirietako euskara teknikariak aipatu zuenez, Bortzirietan ekaina arte hameka lagun aritu ziren eta ikasturte honetan Malerreka eta Baztanera hedatu nahi da.. Izena emateko modu desberdinak daude. Interesa duenak Bortzirietako Euskara Mankomunitatera edo Bortzirietako Euskaltegira, Baztango Euskara Zerbitzura edo Suinki Euskaltegira, edo Malerrekako Euskara Mankomunitatera edo Malerrekako Euskaltegira deitzea baino ez du. Egitasmoaren helburuen berri ere eman zuen Raul Lopez, Baztango euskara teknikariak.

“Hizkuntza bat ikasteko modurik emankorrena erabiltzea da”

Gauza jakina da hizkuntza bat ikasteko modurik emankorrena erabiltzea dela. Solas-laguna egitasmoak euskara ikasleei aukera eman nahi die euskal hiztunekin solasteko, eta hartara, euren ikaskuntza prozesuari bultzada emateko. Bidenabar, euskaldunek aukera izanen dute gizarte osoaren euskalduntzen prozesuan eragile aktibo izateko. Urko Ikardok jakinarazi zuenez, euskaltegietan, guraso elkarteen artean eta institutuetan emanen dute egitasmoaren berri.

Harreman sarea euskalduntzeko lagungarri izaten ahal da Solas-laguna. Euskara ikaslea euskal hiztunekin solastean harreman berriak euskaraz egiten ditu. Gisa horretara, harremanen euskalduntzea sustatu egiten da. Xabi Torres, Baztango solaslagunak egitasmoan zergatik eman duen izena azaldu zuen: “ni euskalduna naiz, baina gero eta gutiago erabiltzen dut euskara karrikan. Egitasmo honekin, neronek ere euskara gehiago erabili nahi nuke, berdin zait mendian, ostatuan, karrikan edo hondartzan, eta gainera, bertze batzuen euskara hobetzen eta praktikatzen lagunduko dut”.

Taldean euskaldun bat eta hainbat euskara ikasle elkartuko dituzte. Taldea handi xamarra bada, bi euskaldun izanen dira. Mankomunitatean osatuko dira taldeak eskaera guztiak aztertu eta gero. Taldeko partaideak elkarrekin harremanean jartzeaz ere mankomunitateko euskara teknikaria arduratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun