Baztan, Bertizaran, Bortziriak eta Malerrekako ezker abertzaleko udal hautetsiek prentsaren aitzinean agerpena egin zuten astearte arratsaldean Lesakako Arrano elkartean. Agerpena egin zutenen artean, Ainara Maia Arantzako alkatea, Josu Irazoki Berako alkatea eta Patxiku Irisarri, Etxalarko alkatea zeuden. Lehenik eta behin, azken gertaeren inguruan ezker abertzalearen iritzia eman nahi izan zuen Edurne Rekondo lesakarrak eta Batasunako Mahai Nazionalaren atxiloketa salatu zuen, Euskal Herriko egoera konpontzeko zailtasun bat gehiago dela adieraziz.
Patxiku Irisarri, Etxalarko alkatea ezker abertzaleak eskualdean duen antolamenduari buruz aritu zen. Herrigintzan nahiz udalgintzan egiten ari diren lana azpimarratu zuen eta etorkizunean ere, zein lan arlo garatuko dituzten jakinarazi zuen. Bertzeak bertze, Erdizko harrobi proiektua, erreketako uren kalitatea, Lurraldearen Antolaketa Plana edo Abiadura Handiko Trena aipatu zituen. “Azken hau Baztan-Bidasoatik urrun gelditzen zaigula pentsatzen ahal dugu, baina ezker abertzalearentzat lerro estrategikoa” dela aipatu zuen.
Julen Mitxeltorenak solastu zuen azkenik. Azken gertaeren aitzinean eskuak gurutzaturik ezin dela gelditu gogorarazi ondotik, ortziral honetan, arratsaldeko 5etatik aitzinera Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin zuen.