Euskal Herriko aizkolari txapelketa nagusiaren finala igande honetan, urriaren 14an, jokatuko da Doneztebeko eskolako frontoian, eguerdiko 12:30etatik aitzinera. Aurten, aspaldiko partez, ez da eskualdeko ordezkaririk izanen final haundian. Floren Nazabal etxarriarra eta Lezaungo Juan Jose Lopez, joan den asteburuan Nafarroako txapeldun eta azpitxapeldun izan zirenak, izanen dira ordezkari nafarrak eta bertze lau aizkolariak gipuzkoarrak izanen dira: Luis Txapartegi, Unai Otaño, Joxe Mari Olasagasti eta Jose Miguel Peñagarikano. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko dituzte. Finala aurkezteko ekitaldia astearte arratsaldean egin zen Doneztebeko Udaletxean. Miguel San Miguel Doneztebeko alkatearekin batera, Joxelu Retegi Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea eta bi finalista, Floren Nazabal eta Unai Otaño izan ziren. Doneztebeko alkatea kontent zegoen, berriz ere finala herrian jokatuko delako eta ongietorria eman zien partaide guziei. Joxelu Retegik, Euskal herriko txapelketaren finala laugarren aldiz datorrela Nafarroara aipatu zuen eta ondotik, finalisten aurkezpena egin zuen.
3.005 euro txapeldunarentzat
3.005 euro txapeldunarentzat Sailkapenaren arabera izanen duten sariak ere aipatu ziren: Txapeldunak, 3.005 euro, txapela eta trofeoa; bigarrenak, 2.525 euro eta trofeoa; hirugarrenak, 2.285 euro eta trofeoa; laugarrenak, 2.045 euro eta trofeoa; bosgarrenak, 1.805 euro eta trofeoa eta seigarrenak, 1.565 euro eta trofeoa. Finala antolatzeak gutti gora behera 21.000 euroko aurrekontua duela ere aipatu zuen Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidenteak eta dirutza hori estaltzen lagunduko duten erakundeak aipatu zituen. Sarreraren prezioa 15 eurokoa izanen da eta Euskal Telebistak zuzenean emanen du saioa.
Adituen ustez, Floren Nazabal izanen da faborito nagusia finala irabazteko. Hamasei aldiz aritu da finalean eta lehenagotik bi aldiz irabazia da Euskal Herriko txapela, 2002an eta 2004an. Joan den asteburuan Nafarroako txapela irabazita animoz ekinen dio saioari, baina txapela irabazteko hautagai gehiago ere badirela uste du.
Ibarrako Unai Otañorentzat, berriz, lehenbiziko aldia izanen da Euskal Herriko finalean. 30 urterekin, partehartzaile gazteena izanen da, baina aurten Gipuzkoako txapelduna izan da eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako bigarren mailako txapelduna izan zen iaz eta sasoi betean dator finalera.