Abeltzaintza sektorea indartzeko larrialdirako plan berezia aurkeztu du Begoña Sanzberro kontseilariak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 10a

Krisia garaitzeko, laguntzak eskasak direla kritikatu du EHNEk

Abeltzaintza krisian dago. Sindikatuek, baserritarrek, politikoek… Denek argi dute abeltzaintza egoera “larrian” dagoela. Neurri ttikiagoan edo haundiagoan, abeltzaintzako alor guztiei eragiten die, gainera. Eta krisiaren gibelean, produktuen garestitzea, baserrietarako abeltzainek erosten dituzten gaiak nabarmen garestitu direlako. Baserritarrek eta sindikatuek pentsuak garestitu direla salatzen dute, eta kontsumitzaileak saltokian erosten duen azken produktua, berriz, merketu egin dela. Horri aitzin egiteko, Nafarroako Gobernuak plan berri bat onartu du. Begoña Sanzberro Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilariak hilabete hasieran iragarri bezala, urriaren 9an eman zuen plan horren berri. Sanzberroren arabera, sektorea “zahartu” egin da, “ustiapen batzuk berehala desagertzeko arriskuan daude”, eta plan berrian onartutako neurriek sektoreari “erantzun azkarra” emanen diote. Halere, neurriak ez du guztien adostasunik jaso. Hala, EHNE sindikatuaren ustez, arazoa nekazaritza ereduan dago, eta laguntzak ez dira nahikoak.

Nafarroako Gobernak. Abeltzaintzako produktu desberdinen prezioak aztertu ondoren, erabaki du zerbait egitea, “beharrezkoa” zelako. Krisiaren gibelean bi faktore daudela nabarmendu zuen kontseilari baztandarrak: batetik, produkzio gastuak goiti egin dute, batez ere pentsuak; eta bertzetik, produktuen kontsumoa jautsi da, eta horrela, azken salneurria merkatu. EHNEren arabera, “nekazaritza ereduak abeltzainek abereei jaten ematen dieten bazka eskastu du, eta ekoizle haundi eta gutti batzuen eskuetan gelditu da”. Gaineratutakoaren arabera, “ekoizleak espelkulatzen ari dira eta prezioak igoarazten”, eta horren ondorioz jautsi da kontsumoa, sindikatuaren ustetan.

EHNE: «Laguntza horiekin ez da krisia gaindituko»

Plana oro har, abeltzaintzako alor guztiei begira onartu da, baina bereziki kaltetuak diren arloei begira: ardi, untxi eta txerri hazleei zuzendua. Ustiapeneko 3.000 euroko laguntzak emanen dira gehienez, hain zuzen Sanzberrorek errandakoaren arabera, “horiek direlako Europako Batasunak ematera baimentzen dituen zuzeneko laguntza bakarrak”. EHNEk, ordea, argi du laguntza horrekin ez dela “krisi larria” gaindituko. Hala, landa garapeneko plan bat garatzea proposatu dute. Sindikatuak datu azpimarragarri batzuk ere kaleratu ditu: 100 zerri hazten dituen abeltzainak urteko 60.000 euroko galerak izanen ditu; 500 ardi dituen artzainak 17.000 eurokoak; 600 untxi dituenak 27.000 eurokoak eta 50 behi dituenak 10.000 eurokoak.

Gobernuaren plan bereziak 18 neurri biltzen ditu, eta 18 milioi euroko laguntzak proposatzen ditu, neurriak oraindik guztiz itxiak ez daudela adierazi arren. Bertzeak bertze, neurri fiskalak, tasen murrizketak eta laguntza osagarriak proposatzen dira. Honela, neurri fiskalak edo animaliak hilak biltzeko zerbitzurako laguntza handiagoak emanen dira. Ardi, zerri eta untxien ustiapenei bideratutako laguntzak emanen dira, horiek direlako sektore kaltetuenak: ardi bakoitzeko 7 euro; zerriko 12 euro eta untxiko lau euro. Gehienez, 3.000 euroko laguntza. Gobernuaren kalkuluaren arabera, 1.850 ustiategitara ailegatuko da laguntza. Kopurua, guztira, 2.125.000 eurokoa izanen da. Mendialdeko abeltzainei laguntza osagarriak ere eskainiko zaizkie.

Baina neurri puntual hauetaz gain, batez ere egiturazko neurriak ere hartzen ditu Plan honek, 18 milioi eurotik 15 milioi hartuko duten neurriak hain zuzen. Honela, Jatorri Izeneko produktuak indartzeko laguntzak goiti eginen du hurrengo urtean: aurten 400.000 euro jaso ditu Kontseilu Arautzaileak, eta 2008an bikoitza, 800.000. Nafarroako Bildotsa eta Nafarroako Aretzea jatorri izenen sustapenek %80ko finantzazio publikoa izanen du, orain duena baino %30 gehiago (horrek 140.000 baino gehiago igoko du aurrekontua); Nafarroako Nekazaritza Kalitatearen Instituari bideratuko laguntzak %15ean haziko dira; Nafarroako Prezio eta Merkatuen Behatokia martxan paratuko da; kontratu egonkorrak bultzatuko dira; Biosergutasunean eta ingurumenaren alde inbertituko duten ustiapenei laguntza gehiago emanen zaizkie; Elikagai Artisautza bultzatuko da; ustiategiak berritzeko hobekuntza plana egin dutenei eta arazotan direnei plana berritzen utziko zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun