Floren Nazabal zen igandean Nafarroako lehen mailako txapela irabazteko faborito nagusia. Gaur egungo sasoi hoberenean dagoen aizkolari izateaz gain, kontra egiten ahal zion bakarra, Donato Larretxea, Alemanian zen, Munduko Stihl Timbersport txapelketa jokatzen. Honela, Etxarrikoak ez zuen hutsik egin eta aisa lortu zuen txapela, hasieratik bukaerara nagusi izan baitzen. Bigarren postuan ezustekoa eman zuen Lezaungo Juan Jose Lopezek eta txapeldunak baino poz handiagoa ere hartu zuen. Hirugarren postua Mikel Mindegiak lortu zuen. Ezkurrakoa ez zegoen kontent, bigarren postua bederen eskuratzea espero zuelako, baina lehen enborrean ateratako adarrak denbora eta animoak galerazi zizkion.
Etxarri Aranazko pilotalekuan ikusle aunitz bildu zen. Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Lehen enborretik argi ikusi zen txapelduna zein izango zen Nazabal aitzinetik jarri baitzen. Lopezek nahiko ongi eutsi zion lehenbiziko bi enborretan, lehen kanaerdikoa segundu bat gibeletik eta bigarrena 7 gibeletik moztu baitzituen. Baina hor akautu zen egon zitekeen emozioa, hirugarren enborrerako minutu erdira igo baitzen aldea. Orduan, bigarren posturako lehia hasi zen, Mindegia hurbildu baizitzaion Lopezi. Baina lehen enborrean izan zuen betealdiaren ondotik, ezin izan zion buelta eman Ezkurrakoak. Gainera, kontuan hartu behar da lesio batetik ateri berria dela Mindegia eta oraindik ez dagoela sasoi betean. Eta 58 urte dituela noski! lehen eta bigarren postuak eskuratu zituztenak baino hogei gehiago!
Barberena eta Senosiain dexente gibeletik ari ziren, laugarren ea bosgarren postuetan finkatuak. Azkenean Nazabalek 30 minutu eta 25 segundu behar izan zituen lanak akautzeko; Lopez bigarren izan zen, 32 minutu eta 4 segundu denborarekin; hirugarren Mindegia, 33 minutu eta 9 segunduko denborarekin; laugarren Barberena, 37 minutu eta 13 segunduko denborarekin eta bosgarren Senosiain, 40 minutu eta 31 segunduko denborarekin.
Euskal Herriko txapelketaren finala igandean Donezteben
Bertze aldetik, heldu den igandean erabakiko da Euskal Herriko lehen mailako txapelduna nor den, Donezteben jokatuko baita finala. Floren Nazabal izanen da hemen ere, txapela janzteko faborito nagusia. Adituen ustez, Joxemari Olasagasti eta Unai Otaño izan daitezke Etxarrikoa estututu dezaketenak, Hiru hauetaz gain, Peñagarikano, Txapartegi eta Lopez ere txapelaren lehian arituko dira. Beraz, ez da eskualdeko ordezkaririk izanen Euskal Herriko final horretan. Final hau aurkezteko prentsaurrekoa eginen da Doneztebeko udaletxean, astearte arratsaldeko 7etan. Joxelu Retegi, Nafarroako Herri Kirol Federazioko lehendakaria, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta txapelketan parte hartuko duten bi aizkolari, Floren Nazabal eta Unai Otaño, izanen dira aurkezpen ekitaldi horretan.