Urriroko besta antolatu du larunbaterako Beintza-Labaiengo Itturrondo elkarteak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 5a

Urtero bezala, goizaldetik erreko den aretzea izanen dute afaltzeko

Bertze urte batez, Beintza-Labaiengo Itturrondo elkarteak Udalaren laguntzarekin besta ederra antolatu du larunbat honetarako, Urriruko besta deitua. Urriaren 6ko arratsaldean emanen diote hasiera ekitaldiei. Arratsaldeko 3etatik aitzinera inguruko artisauek euren lanak erakusgai paratuko dituzte plazan. Arratsaldeko 6etan herri kirolek hartuko dute protagonsimoa. Arpana apostua jokatuko dute lau herritarrek: Etxeberria eta Etxeberria, Erasun eta Gamio bikotearen aurka. Ondotik, berriz, aizkoraren txanda izanen da. Mindegia eta Etxekolonea, Mindegia eta Telletxea eta Etxeberria eta Telletxea hiru bikoteak bat bertzearen kontra arituko dira.

Arratsaldeko 6etatik aitzinera Iturengo Joaldunak ere karrikaz karrika ibiliko dira giroa animatzen. Larunbat goizaldean, 04:00etan prestatzen hasitako afariaren txanda izanen da ondotik. 06:00ak geroztik erretzen dagoen aretzea dastatzeko aukera izanen baitute hurbiltzen direnek. Kanalean 270 kilo pisatzen dituen aretzea prestatuko dute, eta arratseko 8:30erako afaltzeko prest egon beharko du. Afarian, aretzeaz gain, entsalada eta postrea izanen dira, fruta, gazta eta menbrilloa edo irasagarra.

Herritar gehienak ez ezik, inguruko herrietatik ere jende andana hurbilduko da larunbatean Beintza-Labaienera, guztira 300 bat lagun, muga kopuru horretan paratu baitute. Afalondoan, Jalisko Band taldearekin gaupasa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun