Donato Larretxeak ez du parte hartuko Nafarroako aizkolari txapelketako finalean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 5a

Igande eguerdiko 13:00etan jokatuko da Etxarri-Aranatzen

Igandean Floren Nazabal, Juan Jose Lopez, Mikel Mindegia, Joxe Juan Barberena eta Antonio Senosiainek jokatuko dute igandean, urriaren 7an, eguerdiko 1etan Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala Etxarri Aranatzen. Berez, Donato Larretxea aritzekoa zen, baina egun berean Stihl Timbersport enpresak antolatzen duen Munduko txapelketan parte hartzekoa da aranztarra Alemanian eta horregatik uko egin dio Etxarri Aranazko finalean aritzeari. Olagueko Antonio Senosiain ariko da bere ordez.

Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu.

Floren Nazabal faborito

Gauzak honela, ongibidean, Floren Nazabal izanen da faborito nagusia, bere herrian jokatuko den finalean eta Mikel Mindegiak bigarren posturako lehia izanen du kanporaketa saioan lan bikaina egin zuen Juan Jose Lopezekin. Halere, kontuan hartu behar da finalean lan bikoitza izanen dutela aizkolariek eta lan luzeetan bikain moldatzen da Ezkurrako aizkolari haundia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun