Eskualdeko eta Etxalarko hainbat gaiei buruzko iritzia agertu du gaur Eusko Alkartasunak, Etxalarko Kultur Etxean emandako prentsaurrekoan. Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak eta Arantxa Zubieta Etxalarko zinegotziak hartu dute hitza, baina beraiekin batera Lesakako Txarli Aiala, Leitzako Aitor Etxarri eta Igantziko Jose Luis Sein jarri ziren mahaian. Maiorga Ramirez Nafarroako presidenteak N-121 errepideko lanak eta bertze hainbat kontu izan ditu solasgai eta hasteko, Batasunako mahai nazionaleko kideen atxiloketa salatu du: “Estatuak ez du errespetatu nahi herri honen nahia eta EAk irtenbiderako konpromisoa” hartzen duela jakinarazi du Maiorga Ramirezek.
Ondotik, Eusko Alkartasunak Nafarroako Parlamentura eraman nahi dituen eskualdeko kezken berri eman du Maiorga Ramirezek. Horien artean, N-121 errepideko lanetan sortzen diren erretentzioak azpimarratu nahi izan ditu. “Historikoki EAk udaletxetan eta Nafarroako Gobernuak egin duen presioari esker lanak hasi dira, baina lanen eraginez sortzen diren erretentzioak eta erabiltzaileek izaten dituzten eragozpenak ahal den neurrian murriztu behar dira. Nafarroako Gobernuak bide errezena hautatu du, ezer ez egitea alegia”. Maiatzeko uholdeen inguruan, hauek sortutako kalteak moldatzeko dirulaguntzak ematerakoan, Nafarroako Gobernuak zenbait zonalde diskriminatu dituela salatu du EAko Nafarroako presidenteak eta Erriberan gure inguruan baino gogo gehiago jartzen dutela aipatu du. Bere solasaldia akautzeko, udaletxeek bere autonomia izateko bitarteko nahikorik ez dutela salatu du Ramirezek eta Nafarroako Gobernuak superabita duen bitartean udaletxe aunitz zorretan daudela jakinarazi du. Etxalar eta Zugarramurdi arteko errepidea moldatzeko lanak Nafarroako Gobernuak bere gain har ditzala ere eskatu du, udalez gaindiko errepidea delakoz..
Arantxa Zubieta: “Lehen baino botu gehiago baina udal ordezkaritza ttikiagoa daukagu Etxalarren”
Arantxa Zubieta Etxalarko EAko zinegotzia, herriko aferetaz aritu da. Hasteko, maiatzeko udal hauteskundeetan duela lau urtekoetan baino botu gehiago eskuratu arren, udal ordezkaritza guttiago dutela salatu nahi izan du. Halere, udalean eta mankomunitateetan proposamenak eginez lanean segitzen dutela azpimarratu du. Honela, Unibertsitatean euskaraz ikasten duten ikasleentzat Euskara Mankomunitatean kontsulta liburuak izan daitezen proposatu dute.
Maiatzeko uholdeak ere aipatu ditu Arantxa Zubietak. Kalteak neurtu behar zituzten teknikariak etorri zirenean, alkatea ez zela beraiekin egon eta horregatik balorazio ezberdinak daudela jakinarazi zuen. “Horrek ondorio larria ekarri du, Nafarroako Gobernuaren eta Etxalarko udalaren balorazioak ez datoz bat eta 200.000 euroko aldea dago bata eta bertzearen artean. Honela lan batzuk diruz lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak, bertzeak ez. Hauek nork ordainduko ditu” galdetu zuen EAko zinegotziak.
Hirigintza arloan, planeamendual aldaketak egitea proposatu du EAko zinegotziak, “herritarren bizimodua hobetzeko eta kanpoko espekulatzaileei erraztasunik ez emateko”. Teknologia berrien arloan, oraindik Internet zerbitzua %100era ailegatu ez dela gogoratu ondotik, Etxalar Nafarroan aitzindaria izan dela aipatu du Arantxa Zubietak, EAk egindako lanaren ondorioz. Euskal Telebista ikusteko arazoak moldatzeko Udalbiderekin sinatutako hitzarmenaren berri eman zuen. Ondorioz,“ orain ETBko bi kateak ongi ikusten dira, baina ttipi-ttapa ikusteko arazoak daude zenbait lekutan”. Etxalarko Udalak herrietako pistak moldatzeko dirulaguntzarik ez duela jasoko gogorarazi zuen Arantxa Zubietak, baina halere lan hori egin beharrekoa dela uste du EAk, “etxerako bideak egoera onean ekontzeak lehentasuna baitu”. Etxalarko eskolari dagokionez, haur kopuruaren gorakadaren ondorioz eskola handitu behar dela adierazi du Zubietak, baina