Bera eta Endarlatsa arteko N-121A errepidearen moldaketa lanek trafiko erretentzioak eragin dituzte asteazken eta ortzegunean, Endarlatsako zubi inguruan egin diren leherketak direla eta.
Hemendik aitzinera ere kasik egunero izanen dira trafiko pilaketak. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentutik jakinarazi dutenez, Berako hiru karrilak akautzen den tokiaren eta Villanuevako bihurgunearen artean bidea estutu eginen da. Horregatik, seinaleen bitartez bidea txandaka emanen da goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara. Bortz minutu inguko geldialdiak aurrikusiak daude eta Iruñeko kalkuluen arabera, gehienez 50 metroko ilarak eginen dira aldi berean. Baina N-121Ako erabiltzaileek badakite bortz minutuz, ilara dexente handiagoak sortuko direla. Beraz, gidatu behar baduzu, kontuz ibili Endarlatsa eta Bera arteko zatian. Kontuan hartu behar da, datozen lau hilabeteetan egonen dela errepidea estutua.